Handia izango da utziko duzun hutsunea

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Estitxu Elduaien zinegotzia 2018ko uzt. 12a, 15:14

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Estitxu Elduaien zinegotziak idatzitako iritzi artikulua da honako hau. Gaur hil den Kandido Mitxelenaren oroimenez idatzi dute artikulua.

Eguna joan eguna etorri, oso gutxitan egiten zenuen huts igerilekuko goizeroko hitzordura: gimnasiora igo, zeure zirkuitua egin eta ingurukoekin berriketaldi eta hizketaldi umoretsuak uzten zenituen, eguna joan eguna etorri. Handia izango da utziko duzun hutsunea, Kandido Mitxelena, handia benetan, Mitxel.

Gure igerilekua bereziki oroituko da zutaz, eta ez azken urteotako bisitengatik bakarrik; bere ibilbide osoan  bidelagun sendo izan duzulako, bere izenean eta izanean hor egon zarelako beti. Izarraitz igeri elkartean aurrena; guraso bezala hasi, eta lehendakari bezala ondoren. Zenbat lan egin zenuen, zenbat eraiki eta zenbat sortu zenuen herrian igeriketak orain duen sona izateko. Eta Gipuzkoako Igeriketa Federazioko presidente ere izan zinen, zure lana lurralde osora zabalduz.

Baina ez zinen igerian gelditu; Azpeitiko kirol guztien suspertzean ahalegin handia egindakoa zara, kirol zinegotzi garaian: gure herriko kirolak duen izena eta izana sortzeko eta indartzeko lanean, eguna joan eta eguna etorri aritu zien orduan ere. Horregatik, zuri ere zor dizugu orain garenaren zati handi bat, eta eskerrik asko, zintzotasunez, egindako lan guztiagatik.

Gure igerilekuak eta kirol esparruak bereziki oroituko zaitu, baina baita gainerako guztiek ere. Bizi zalea zarelako, jende artekoa, lagun artekoa, hizlaria eta umoretsua. Makina batek jan eta eskertu ditugu zuk prestatutako jakiak. Bizitzea mugarik gabe ulertzen zenuen. Gaur bertan Iruñera joateko hitzordua jarria zenuen, eta huts egin behar derrigorrez. Handia izango da utziko duzun hutsunea, Kandido Mitxelena, handia benetan, Mitxel; baina zure oroimenarekin betetzen saiatuko gara. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide