Ate joka daude udako festak, eta horien atarian autodefentsa feminista ikastaroa antolatu dute Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak eta Marea Arroxak uztailaren 24rako. Egin aurre indarkeria sexistari. Nik, zuk, guk... ekin! lelopean deitu dute autodefentsa feminista saioa, eta herritarrei dei egin diete bertan parte har dezaten.
Sustatzaileek adierazi dutenez, jaiak "emakumeenganako indarkeria espazio" bilakatzen dira: "Jakin badakigu festak eduki sinbolikoak dituzten jendarte eta kultur adierazpenak direla, errealitatearen adierazle kondentsatuak, alegia. Eta modu horretan, jaiak ere emakumeenganako indarkeria espazio bilakatzen dira". Horregatik antolatu dute ikastaroa, emakumeek erasoak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko baliabideak eskaintzeko.
Astearteko autodefentsa feminista saioa goizez egingo dute, 10:30etik 13:30era, Emakumeen Txokoan. Bertan parte hartu nahi duten lagunek izena eman beharko dute aurrez. Horretarako, hiru aukera daude: Emakumeen Txokora joatea, bertara deitzea (943-15 70 55) edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezu bat bidaltzea.