Alex Aizpuru Kaxe (Azpeitia, 1994) futbolaria fitxatu du Bahraingo Erresumako East Riffa futbol taldeak. Aurrerari azpeitiarra Asian dago jada, eta dagoeneko hasi da taldekide berriak ezagutzen. Bertan aurkeztu du taldeak azpeitiar jokalaria. Aizpuruk Uztarria.eus-i adierazi dionez, oraingoz, urtebeteko kontratua sinatu du East Riffa klubarekin, eta "oso gustura" dago. Bahraingo Erresumako futbol ligako Lehen Mailan arituko da aurrelari azpeitiarra.
2017-2018 denboraldiaren erdia Espainiako Hirugarren Mailako Beasain futbol klubean egin ostean, eta han erakutsitako maila onari esker, Espainiako Bigarren B Mailako Rapido de Bouzas taldeak fitxatu zuen Kaxe joan zen abenduan. Vigoko (Galizia) taldearekin aritu zen Aizpuru denboraldia bukatu bitartean. Orain, beste urrats bat egin du Azpeitiko futbolariak, eta Bahraingo Erresumako ligako Lehen Mailan jokatuko du datorren denboraldian.
Azpeitiar aurrelaria ez da East Riffa futbol taldeak fitxatu duen Euskal Herriko futbolari bakarra. Izan ere, Kaxerekin batera arituko da Imanol Sarriegi donostiarra. Eibar futbol klubean aritutakoa da Sarriegi.