Uztaila amaitu aurretik hasiko da Uztarria abuztuko aldizkaria banatzen. Bertan Izarraitz txistulari taldeko kideei egindako erreportajea argitaratuko du komunikazio taldeak. Izan ere, aurten 40 urte beteko dira txistulari taldea sortu zela. Hori dela eta, Udaleko Festa Batzordeak musikariei omenaldia egitea erabaki du, eta haiek botako dute saninazioetako txupinazoa, udazkenean egingo den Euskaraldia egitasmoa prestatzen ari diren lagunekin batera.
Xabin Zulaikaren, Joxe Mari Sagarzazuren, Jon Mendizabalen, Garikoitz Mendizabalen eta Edu Aranaren (bideoan) bizipenak jaso ditu Uztarriak. Zulaikak 60 urte eman ditu txistua jotzen, eta duela urtebete utzi zion afizioari. Uztarriaren bideorako hartu du berriro instrumentua. Ziurrenik, txistua joko duen azken aldia izango dela dio. Honako hau erreportajearen aurrerapen bideoa da.
Uztarriak irailean ez du aldizkaririk kaleratuko, abuztuko oporrak direla eta.