Saninazioak 2018

Karting eta minimotard erakustaldia, festetarako motorrak berotzeko

Uztarria.eus 2018ko uzt. 21a, 22:26

Saninazioetarako motorrak berotzen hasteko, karting eta minimotard erakustaldia egin dute bosgarren urtez arratsaldean, eta ohi bezala, ikusmin handia eragin du ekitaldiak. Izan ere, motor zale ugari bertaratu baita Perez Arregi plazaren eta Damaso auzoaren bueltan egokitu duten zirkuitura. Kart-ak hiru mailatan lehiatu dira: alebin-kadeteak, automatikoak (125 cc) eta KZ kategoriakoak, eta arratsaldean zehar beste hainbat erakustaldi ere izan dira: hala nola, Donostia Motor Team eskolako ikasleek, Iñaki Alberdi eta Albitxuri gidariek beraien saioak eskaini dituzte.

Karten sailkapenari dagokionez, KZ kategorian Jokin Aiertza azpeitiarra nagusitu da, eta bigarren eta hirugarren postuan egin dute Asier Aldalur azkoitiarrak eta Josu Beristain azpeitiarrak; alebin-kadeteetan, berriz, Ioritz Zalloetxeberria izan da azkarrena, eta haren atzetik hemugaratu da Jokin Bikendi azpeitiarra; azkenik, automatikoetan Zigor Etxeberria azpeitiarrak lortu du lehenengo postua, eta Andoni Olanok eta Izei Herrerok osatu dute maila horretako podiuma.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide