Umeen Eguna izan da gaur, uztailak 22, Azpeitian. Goizean eta eguerdian hainbat herritatik etorritako erraldoien konpartsek bete dituzte Alde Zaharreko kaleak, musikaz alaitutako kalejiran. Ondoren, plazan elkartu dira denak, dantza txapelketa jokatzeko. Erraldoien ikuskizuna bukatu ostean hasi da festa herrikoien aldeko batzordeak antolatutako Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxa.
Haur zein gaztetxo, 14:00ak aldera elkartu dira, eta Marea Arroxako kideek prestatutako makarroiak bazkaldu ostean, denetariko jolasak egin dituzte. Busti, zikindu, kantatu, dantzatu... denetik egin dute adinaren arabera banatutako taldetxoetan, herriko hainbat txokotan. Altxorraren bila ere aritu dira batzuk. 17:00ak aldera kalejira egin dute Erdikaletik, etxeetatik ura botatzeko eskatu bitartean. Ekintzaz betetako eguna borobiltzeko, merendola egin dute plazan.