Saninazioak 2018

Autodefentsa feminista tailerra egin dute gaur, festetan zein egunerokoan jazotako eraso sexistei erantzuten ikasteko

Uztarria.eus 2018ko uzt. 24a, 16:53

Udako festen atarian, autodefentsa feminista ikastaroa egin dute hainbat emakumek gaur goizean Emakumeen Txokoan. Parekidetasun Sailaren ekimenez eta Marea Arroxaren laguntzarekin egin dute tailerra, eta hemezortzi lagun animatu dira bertan parte hartzera.

Tailerraren antolatzaileen hitzetan, jaiak "emakumeenganako indarkeria espazio" bilakatzen dira: "Jakin badakigu festak eduki sinbolikoak dituzten jendarte eta kultur adierazpenak direla, errealitatearen adierazle kondentsatuak, alegia. Eta modu horretan, jaiak ere emakumeenganako indarkeria espazio bilakatzen dira". Horregatik antolatu dute ikastaroa, emakumeek erasoak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko baliabideak eskaintzeko. Bi ordu inguruko saioa izan da gaurkoa, eta eraso sexisten aurrean nola jokatu ikasi ez ezik, elkar ezagutu eta esperientziak edo sentsazioak elkarbanatu dituzte tailerrean parte hartu duten emakumeek. 

Eraso sexisten aurkako protokoloa

Gaurko autodefentsa feminista ikastaroaz gain, urtero egin ohi duen bezala, eraso sexisten aurkako protokoloa azaltzeko bilkura egingo du Marea Arroxak ostegunean. Bertan, karpagunean erasorik jazotzekotan hartu beharreko neurrien eta jarreren inguruko xehetasunak azalduko dituzte. Batzordeko kideek esan dute "garrantzitsua" dela karpan txandaren bat egin behar duten lagunak batzarrera gerturatzea. Emakumeen Txokoan izango da, 17:30ean hasita. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide