Saninazioak 2018

Orain Presoak dinamika aurkeztu dute, hainbat herritarren babesarekin

Uztarria.eus 2018ko uzt. 24a, 21:35

Orain Presoak dinamikaren aurkezpena, plazan.

Azpeitiko Sarek deituta, argazki erraldoia atera dute gaur, plazan. Pow, Xegu, Gotzon eta Etxarte etxean nahi dituztela adierazi dute. Ostiralean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

San Inazio jaien atarian da herria, eta une hori baliatu du Azpeitiko Sarek Orain Presoak dinamika aurkezteko eta argazki erraldoia ateratzeko. Gaur, 19:00etan, atera dute argazkia, herriko plazan, eta jende ugari elkartu da bertan. Han bildutakoek ekitaldia aprobetxatu dute Pow, Xegu, Gotzon eta Etxarte etxean nahi dituztela adierazteko.

Sare Herritarra plataformak joan den ekainean jarri zuen martxan Orain Presoak dinamika, euskal presoen eskubideen alde. Lau lehentasun ezarri zituzten: urruntze politikarekin bukatzea, larriki gaixo dauden presoak artatzea, zigorren batuketa eta lehen graduen aldaketa. "Gaur hemen batu garenok martxan den Orain Presoak dinamikari gure babesa adierazten diogu. Presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzeko bide orri bat adostea dugu helburu: eragile sozialak, politikoak, sindikalak, instituzionalak... hau da, euskal jendartearen gehiengoa norabide honetan elkarlaean jarrita. Adostasun zabaletatik abiatuta egin nahi dugu konponbiderako bidea", adierazi du Azpeitiko Sarek gaurko agerraldian. 

Azpeitiko Sarek azaldu duenez, "konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako unea" da. "Maiatzaren 4an bizitako egun historikoaren ostean, parez pare ireki zaigu hainbeste sufrimendu sorrarazi duen ziklo luze honi amaiera emateko aukera, elkarrekin lan eginez, elkarri begiratuz, elkarri entzunez, ditugun adostasunei lehentasuna emanez eta elkarrekin bidea eginez". Etorkizunari begira jartzea nahi dutela azaldu dute, eta horretarako, "iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa" dela. "Norabide horretan sakondu behar dugu. Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau geure egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte batean bizitzea".

Azpeitiko Sareren arabera, ordea, oraindik bada "sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat". Taldeak azaldu duenez, auzi horrek batu ditu herritarrak gaur plazan. "Egun, jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 282 euskal preso daude beren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora. Espetxean dauden pertsona horiek beren eskubideen jabe dira, baina oraindik ere salbuespen neurriak ezartzen dizkiete, Espainiako zein Europako legedien aurka doazenak; eta, presoa ez ezik, senideak –bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak–, ere zigortzen dituztenak".

"Bakean eta adiskidetuta bizi den jendarte batekin amesten dugunok giza eskubideen errespetuak batzen gaitu. Jakin badakigu adiskidetzea prozesu konplexu bezain beharrezkoa dela, urratsez urrats eraikitzen joango dena. Zentzu horretan, egungo espetxe politika aldatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horretarako behar-beharrezkoak dira guztion bultzada eta konpromisoa", erantsi dute.

Egungo espetxe politika "iraganean kateatuta" dagoela eta "ezohiko lege batean" oinarritzen dela azaldu du Azpeitiko Sarek. "Guk etorkizunera begira jartzeko garaia dela uste dugu. Ondorengoentzat guri aurrekoek utzi zigutena baino etorkizun hobea eraikitzeko aukera dugu esku artean. ETA desagertu den honetan, ez dugu sufrimendu gehiago sortzen duen politikarik nahi". Orain, "presoen auzia konpontzeko unea" dela nabarmendu dute.

Mobilizazioetan parte hartzeko deia

Azpeitiko Sarek gaurko aurkezpena baliatu du herritarrei dei egiteko datorren ostiralean egingo den manifestazioan parte hartzera; 19:00tan abiatuko da protesta, Azpeitiko plazatik. Era berean, urriaren 20rako antolatzen ari diren manifestazioa "herri honetan inoiz izan den mobilizaziorik handiena bilakatzen laguntzera" deitu dituzte herritarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide