Hamar urte bete ziren iaz Marea Arroxak abuztuaren 1erako antolatutako Bakailao Txapelketa aurrenekoz egin zuenetik. Txapelketa egin den urte horietan guztietan herritar ugari animatu izan da aurremantala jantzi, eta festa giroan bakailaoa prestatzera. Aurtengoan, baina, txapelketaren formatua eta prestatu beharreko jakia aldatzea erabaki du Marea Arroxak. Horrenbestez, I. Gixau Txapelketak hartuko dio erreleboa Bakailao Txapelketari. Izen-ematea zabalik dago jada, eta zapatuan amaituko da horretarako epea.
Marea Arroxako kideek azaldu dutenez, "hainbat hausnarketa egin eta gero" erabaki dute aurten txapelketaren formatua eta osagaia aldatzea. "Abuztuaren 1eko prestaketek ardura asko eskatzen dute, eta azken urteetan horiei guztiei erantzuteko indar faltan somatu dugu gure burua. Urtero deitu izan dugu boluntarioen batzarra, baina ez dugu behar adina laguntza jaso", azaldu du Marea Arroxak. Hala ere, herritarrak parte hartzeko ekintzak prestatzen jarraituko dutela azpimarratu dute, eta herritarrei dei egin diete Gixau Txapelketan parte har dezaten: "Adin ezberdinetako lagunak animatu izan dira Bakailao Txapelketara urteetan zehar, eta hori oso pozgarria da batzordeko kideontzat, Marea Arroxaren helburuetako bat delako herritarrek festetan parte hartuz jaietaz gozatzea. Horregatik, txapelketaren oinarrietan aldaketa batzuk eginda, baina helburu berarekin antolatu dugu Gixau Txapelketa. Zenbaitentzat aldaketa nabarmena izango bada ere, herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditugu".
Txapelketaren nondik norakoak
Plazan izango da I. Gixau Txapelketa, eta 12:00etan hasiko da. Parte-hartzaileek ez dute zertan ordu horretan plazara agertu, baina 14:00etarako amaituta izan beharko dute prestatutako gisatua.
Festa batzordeak olioa eta gatza emango die parte hartzaile guztiei. Bikote, talde edo elkarteek eraman beharko dituzte osagaiak. Suak eta mahaiak Marea Arroxak jarriko ditu.
Behin jakiak prestatutakoan, herritarrek eta gonbidatu bereziek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein izango den I. Gixau Txapelketako platerik onena. Txapelduna aukeratzerakoan, plateraren aurkezpena, saltsa eta zaporea baloratuko dituztela aurreratu dute festa herrikoien aldeko batzordeko kideek.
Sari banaketa egin ostean, txapelketan parte hartzen duten lagunek beraiek prestatutako jakiak bazkaltzeko parada izango dute, Marea Arroxak emandako edariaz eta postreaz lagunduta. "Gisatua zein bestelako osagaiak parte-hartzaileek ekarri beharko dituztenez, bazkarira joateko ezinbestekoa izango da txapelketan parte hartzea", azpimarratu du Marea Arroxak.