Itxura berria du Sanjuandegi eta Loiola arteko bide zaharrak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 25a, 17:21

Sanjuandegi eta Loiola arteko bide zaharrak itxura berria du; izan ere, herriko ikastetxeetako ikasleen ekarpenak jasota, Udalak hainbat egokitzapen egin du gune horretan. Agenda 21en barruan egin zituzten bidea berritzeko proposamenak haurrek eta gaztetxekoek, eta eskaera horietako batzuk aintzat hartuta egin dituzte lanak.

Bide hori oinezkoetzat soilik dago zabalik duela hilabete batzuetatik; trafikoari itxita dago ordutik. "Bideari osotasuna" emateko egin ditu lanak Udalak, eta Xaguxatar parkea bidean txertatu dute. Izan ere, parkea inguratzen zuen hesia kendu eta ibaiaren ondoan jarri dute. Gainera, bidearen ertzetan parkean diren materialekin egindako elementuak jarri dituzte, eta askotariko landareak eta hainbat behatoki ere bai bidean. Bestalde, mahaien eta eserlekuen gune bat egokitu dute ibaiaren ondoan. Lanak bukatzen ari dira, eta horiek 47.728,8 euroko aurrekontua dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide