Saninazioak 2018

Eskualdeko pentsiodunek elkarretaratzea egingo dute plazan abuztuaren 1ean

Uztarria.eus 2018ko uzt. 26a, 18:23

Urola Kostako pentsiodunek Zarautzen egin zuten manifestazioa, ekainaren 17an. (Zarauzko Hitza)

10:00etan elkartuko dira plazan, Udalak Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiari egiten dien harreraren aurretik. Lehendakariari gutuna ematea zuten xede, baina Iñigo Urkullu ez datorrenez, haren tokian etorriko den ordezkariari emango diote.

Udako aurreikusi dituzten mobilizazioen barruan, elkarretaratzea egingo dute eskualdeko pentsiodunek Azpeitian abuztuaren 1ean, San Inazio bigarrenez. Urola Kostako Plataformak deitu du datorren asteazkeneko kontzentrazioa.

10:00etan elkartuko dira plazan pentsiodunak, San Inazio festen barruan egun horretan Azpeitiko Udalak plazan bertan Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari egiten dien harrera baino ordu laurden lehenago. Izan ere, Iñigo Urkullu lehendakariari gutun bat helaraztea zen pentsiodunen xedea. Urkulluk, ordea, aurten abuztuaren 1ean ez dela Azpeitian izango jakinarazi du; horrela, gutuna haren lekuan jaurlaritza ordezkatuko duen agintariari emango diote pentsiodunek. Eskutitzean, pentsio publiko duinak eta KPIaren araberako igoerak eskatuko dituzte pentsiodunek, 1.080 euroko gutxieneko hileko pentsioarekin batera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide