Presoak, iheslariak eta deportatuak festetan nahi dituztela aldarrikatu dute ehunka azpeitiarrek gaur arratsaldean. Marea Arroxak, Azpeitiko Kalerak eta Sarek antolatutako manifestazioa 19:00etan abiatu da plazatik, eta herriko kaleak igarota, plazan egin dute ekitaldia. Haujijijai batzordeko ordezkariek hartu dute hitza, eta horiek azaldu dutenez presoek eta iheslariek bizi duten egoerarekin bukatu beharra dago. "Denon ardura da, gure herritik hainbeste kilometrora dauden lagunak etxera ekarri behar ditugu, eta horretarako elkarlanean jardun behar dugu. Espainiako eta Frantziako estatuek ezarritako blokeo egoera gainditu behar dugu". Blokeo egoera hori aipatuta, Altsasuko gazteen auzia ekarri dute gogora gaur plazan bildu direnek.
Festak ate joka diren honetan, Pou, Gotzon, Xegu eta Etxarte Azpeitiko presoak eta iheslaria izan dituzte gogoan: "Festa herrikoirik ez dugu ulertzen lau azpeitiarren giza eskubideak urratuak diren bitartean". Haujijijai batzordekoek gogoratu dutenez, azpeitiar horiek bisitatzera hamasei adin txikiko joaten dira, eta bidaiek eragiten duten kostu psikologiko zein fisikoa "benetan latza" dela esan dute. Bestetik, jakinarazi dute preso horien gurasoek edo adineko senideek ordu asko igaro behar izaten dituztela errepidean: “Horietako batzuek, osasun arazoak direla eta, ezin dituzte beraien senideak ikusi denbora luzez". Horrez gain, 2018an zehar dispertsioak eraginda bost istripu gertatu direla salatu dute manifestazioaren deitzaileek: "Errusiar erruleta bat da bizi behar izaten dutena".
Presoen, iheslarien eta deportatuen egoera konpontzeko herritarren konpromisoa eta laguntza “ezinbestekoa" dela azaldu dute Haujijijaiko kideek. Gainera, Euskal Herria garai historiko baten aurrean dela ere esan dute: "Horrenbeste urtetan izan den gatazkari konponbidea emateko garaia da, eta denon beharra dugu bide horretan". Haujijijaik Orain Presoak dinamikari babesa adierazi dio, baita presoen, iheslarien eta deportatuen egoera konpontzeko lanean ari diren lagunei ere. Gainera, urriaren 20an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia ere egin du festa batzordeak.
Lanean jarraitzeko konpromisoa ere agertu du Haujijijaik: "Indarra badago, gogoa ere bai; beraz, konpromisoak hartzen joan gaitezen. Ez gara geldituko oztopoen aurrean! Guk sinesten dugu beste errealitate bat posible dela”.
Hona hemen, gaur arratsaldeko manifestazioko irudi bilduma: