Saninazioak 2018

Aldarri feminista, kunbia erritmora

Urola Kostako Hitza 2018ko uzt. 31a, 14:36

Ni Yuta Ni Tuya musika taldea Italian egindako kontzertu biran. Eskuinekoa da CaƱizares. (Ni Yuta Ni Tuya)

Ni Yuta Ni Tuya musika taldea igoko da gaur, San Inazio egunez, Azpeitiko karpaguneko oholtzara. Musika talde feministako kidea eta gitarra jotzailea da Amets Cañizares (Azpeitia, 1994). Nahiz eta azpeitiarra izan, "gutxi" egoten da herrian. Horregatik, "pozez". hartu du Marea Arroxaren gonbidapena. Gaur gauean oholtzara igotzeko "motibatuta eta gogotsu" dago. Rukula eta Revolta Permanent taldeen ostean eskainiko dute zuzenekoa, 02:30 aldera.

Cañizaresek azaldu duenez, Ni Yuta Ni Tuya "kunbia-punk feminista erradikal" taldea da: "Proiektu musikala izateaz aparte, proiektu politiko bat ere bada Ni Yuta Ni Tuya, emakumeek oholtzan lekua izan dezaten aldarrikatzeko eta emakumeak oholtzan ahalduntzeko balio duena". Gasteizko Errekaleor auzoan sortu zen musika taldea iaz, "ezustean". Horrela gogoratzen du Cañizaresek: "Bateria jotzen duen kidearen harrikadatik sortu zen dena. Hura kunbia musikarekin motibatuta zebilen, eta guri ere gustatzen zitzaigun. Musika hori jotzen hasi zen, eta haren pausoak jarraitu genituen nik eta beste lagun batek. Hainbat instrumentu probatzen ibili ginen, musikaz gozatzeko asmoarekin, ez besterik. Talde polita elkartzen ginen eta ederki moldatzen ginen elkarrekin. Bilboko Aste Nagusian jotzeko gonbidapena egin ziguten, eta hori izan zen taldearen inflexio puntua. Esan genuen ‘aurrera, edo ezer ez’. Hor hasi zen istorioa". Gaur egun, sei dira Ni Yuta Ni Tuyako partaideak. Denak dira emakumeak eta, besteak beste, bateria, guiroa, gitarra, flauta, bibolina eta baxua jotzen dituzte.

Kantuen inguruan galdetuta, "makarradak" direla dio azpeitiarrak, eta feminismoaren inguruko gaiak jorratzen dituztela azaldu du: "Abestietako hitzak mezu zuzenak dira, emakumeen aldarriak, gure gorputzaren eta bollerismoaren ingurukoak…". Era berean, Ni Yuta Ni Tuya "berezi" egiten duen gauzarik ere badagoela dio Cañizaresek: "Gure jarrerak, mamarratxismoak, taldeko partaide guztiak emakumeak izateak eta desafinatzeari beldurrik ez izateak egiten du berezi gure taldea".

Elkartu ziren bezala, "ezustean" bururatu zitzaiten Ni Yuta Ni Tuyako neskei taldearen izena. Hain zuzen, manifestazio batean ikusitako pankarta bat ikusi ostean: "Taldekide bat Argentinakoa da. Egun batean, etxeko sukaldean abestiak jotzen ari ginela Argentinako laguna ordenagailuan zebilen, manifestazio bateko argazkiak ikusten. Irudi batean Ni yuta, ni tuya zioen pankarta bat irakurri genuen, eta une horretan bertan otu zitzaigun ideia. Argentinan poliziari deitzen diote yuta".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide