Saninazioak 2018

Denetariko saltsa, San Inazio eguneko festarekin jarraitzeko

Uztarria.eus 2018ko uzt. 31a, 22:24

San Inazio egunak goizean utzitakoaren ostean, arratsaldean jarraitu du jaiak, eta denetariko ekintzak izan dira gaua iritsi bitartean. Urtero bezala, txomingeroak izan dira festan murgiltzen aurrenak. 13:00etan hasita poteoa egin dute Alde Zaharrean zehar, txaranga doinuak lagun. Ondoren, beraiek prestatutako makarroiak bazkaldu dituzte Azoka Plazaren atarian. 17:00etan haurrentzako parkea jarri dute plazan, eta dozenaka gaztetxo animatu da jarritako puzgarrietan jolastera. Plazatik ez horren hurrun, zezen plazaren atarian, Oinatz elkarte animalistak deituta zezenketen kontrako protesta egin dute dozenaka lagunek, 17:30etik aurrera. Aurten, ohi baino jende gehiago elkartu da zezen plaza aurrean. Izan ere, txomingeroek festa herrikoiak aldarrikatu dituzte ordu eta leku berean Guk festa herrikoiek! Gure festatan odolik ez! leloa zeraman pankartarekin. Ondoren, kalejira egin dute zezen plazatik abiatuta Ttek elektrotxarangarekin. Zezen plazan, aldiz, aurtengo feriako hirugarren eta azken zezenketa izan da. Gaurko hitzorduan Ruben Pinar, Pepe Moral eta Tomas Campos toreatzaileak aritu dira Celestino Cuadri ganadutegiko zezenekin. 

Eguna ez da bukatu oraindik, eta datozen orduetan ere egongo da zer egin eta zertaz gozatu. Hona hemen gaur gaueko ekitaldien egitaraua:

22:00. Rukula taldearen kontzertua, karpagunean.

22:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.

23:00. Su festa.

23:30. Vendetta taldearen emanaldia, plazan.

23:30. Aiko taldearen erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.

01:00. Revolta Permanent taldearen kontzertua, karpagunean.

02:30. Ni yuta ni tuya taldearen kontzertua, karpagunean

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide