Unai Segurola (Azpeitia, 1985) zaldi hezitzaileak NRHA Spain Championship txapelketa irabazi du, esperientziadun zaldizkoen kategorian. Joan den larunbatean jokatu zen txapelketa Bartzelonan, eta Segurolak Yellow Snap Marine izeneko bere zaldiarekin parte hartu zuen lehian.
Txapelketan, hainbat maniobra eta horiek egin beharreko ordena zehazten dituzte epaimahaikideek, eta partaideak beren zaldiekin irteten dira jendearen aurrera horiek egitera. Zaldiak eta haren gainean doan zaldizkoak horiek ahalik eta azkarren eta txukunen egin behar izaten dituzte, eta horren arabera banatzen dituzte puntuak. Epaimahaiaren arabera, Segurola izan zen lan horiek txukunen egin zituena.
Hirugarren urtez antolatu dute aurten txapelketa, eta Segurolak hirugarren aldiz parte hartu du bertan. Ez da azpeitiarrak lehia horretan sariren bat eskuratzen duen lehen aldia; izan ere, 2016an, zaldi hasiberrien kategoriako eta zaldizko hasiberrien kategoriako lehen postuak eskuratu zituen.
Segurolari "betidanik" gustatzen zaizkio zaldiak eta beti ibili izan da haiengandik gertu, baina 2013ra arte ez zen hasi txapelketetan parte hartzen. "Betidanik ibili naiz animalia eta zaldi artean, eta pixkanaka, mundu horretan gero eta gehiago sartzen joan naiz. Hasieran, zaldiekin menditik bueltaka ibiltzen nintzen; gero, esperientzia gehiago hartu nuen eta har hori sartu zitzaidan...". Gaur egun, zaldiekin lotuta ez dagoen ia ezer ez duela egiten azaldu du. Urrakiko bere etxean zalditegi bat ere badu: "Hor ditugu gure zaldiak, entrenatzeko pistatxo bat...".