Ikasturte berrirako kirol jardueren eskaintza berria dagoeneko prest du Kirol Patronatuak. Eskaintza "indartu" egin dutela adierazi dute erakundeko ordezkariek, batez ere gaztetxoei eta helduei zuzendutako jarduerei dagokionez. Besteak beste, igeriketa ikastaroak, gimnasia saioak, pilates, zumba, cycling, areto dantzak, jump, total training nahiz TRX saioak eskainiko dituzte hasi berri den ikasturtean, eta dagoeneko eman daiteke izena horietan. Matrikulatzeko igerilekura joan edo 943-81 41 21 telefono zenbakira deitu behar da. Honako lotura honetan ikus daitezke ikastaroen eskaintza eta saioen ordutegiak.
Kirol Patronatuak azaldu duenez, aurten "moda-modan" dagoen TRX jarduera erantsi dute eskaintzara, eta gaztetxoentzat ere jarduera berriak jarri dituzte. Erakundeak azaldu duenez, helduentzako eskaintza bere horretan mantendu dute: "Herritarrak osasuntsu egon daitezen, ariketa fisikoa egitera bultzatu nahi ditugu; izan ere, kirolak osasuntsu mantetzeaz gain, harremanetarako eta gizarteratzeko ere balio du". Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak esan duenez, eskaintza "zabaltzen" saiatzen ari dira azken urteotan: "Kirol gutxi egiten duten adin mugetako herritarrei, gaztetxoenei eta helduenei zuzendutako eskaintza handitzen saiatzen ari gara. Horri lotuta, gaztetxoei zuzendutako zumba ikastaroaz gain, cycling eta Total Training eskaintza egokitu dugu".