Azken urteetan egin bezala, Euskal Herriko IV. Sagardo Txapelketa Herrikoian lehiatuko da Azpeitiko Añota sagardotegia. Aurrez egindako sariketaren edizio guztietan hartu du parte Añotak, nahiz eta orain arte ez duen saririk jaso izan. Datorren zapatuan, irailak 8, jokatuko da aurreneko kanporaketa, Beasainen.
Bigarren kanporaketa Goizuetan jokatuko da irailaren 15ean, hurrengoa Oñatin, hilaren 21ean, eta azkena Urnietan, hilaren 22an. Txapelketaren finalak, aldiz, estenatoki berria izango du aurten. Izan ere, jokatutako hiru finaletatik bi –aurrenekoa eta hirugarrena– Azpeitian izan dira; bestea, aldiz, Andoainen. Aurten, Usurbilek hartuko du Azpeitiaren lekukoa, eta bertan jokatuko dute finala irailaren 29an.
2015ean antolatu zuten aurrenekoz Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia. Orduko hartan Azpeitiko Azoka Plazan jokatu zen finala, eta Petritegi sagardotegiak jantzi zuen sariketako txapela. Bigarren edizioaren finala Andoainen jokatu zen, eta Ordiziako Tximista sagardotegia izan zen nagusi. Hirugarren eta orain arteko azken finala Azpeitiko Azoka Plazan jokatu zen iazko urrian. Orduan Gaztañaga sagardotegia izan zen nabarmendu zena.