Urtero egin ohi duten bezala, herriko ikastetxeetako DBHko ikasleak Urola ibaiaren Azpeitiko zatia garbitzekoak ziren joan zen ekainaren 13an, eskolako Agenda 21 egitasmoaren barruan. Eguraldi kaxkarra iragarri zuten egun horretarako, eta ibaiko urak handi zetozela ikusita, hitzordua bertan behera uztea erabaki zuten. Ikasturtea hasi berri dute ikasleek, eta hori aprobetxatuta, ostiralean, hilak 14, egingo dute aurtengo ibai garbiketa. Hori ez ezik, Xabier Arenasek Urola ibaiaren inguruan egindako dokumentala ikusiko dute herriko ikastetxeetako ikasleek.
Eguna hasteko, Arenasek sortutako ikus-entzunezkoa ikusiko dute ikasleek Soreasu antzokian, 08:45ean hasita. 20 minutu inguruko dokumentala da Arenasek egindakoa, eta herritarrak sentsibilizatzea eta ikasleak ibaiak dituen altxorrez jabetzea du xede. Luis Juaristik aurkeztuko du ikus-entzunezkoa, eta hori ikusi ostean, ikasleek iritziak plazaratzeko eta hausnartzeko tartea izango dute.
Soreasutik irtetean, garbiketarako materialak jaso eta ibaia garbitzeari ekingo diote. Zeregin horretan arituko dira 11:30ak aldera arte. Bildutako zabor guztia plazan jarriko dituzten ontzietan botako dute, eta han elkartuko dira denak. Goiza ondo amaitzeko, mokadutxo bat egingo dute elkarrekin plazan.