Irailero bezala, Azpeitiko Argazki Elkarteak herrira ekarri du XLV. Trofeo Gipuzkoa Nazioarteko argazki lehiaketara aurkeztutako irudien bilduma. Foru Ibilbideko erakusketa aretoan jarri dituzte ikusgai sariketara aurkeztutako zenbait argazki, eta erakusketa zabalik egongo da hilaren 30era arte.
Trofeo Gipuzkoa argazki lehiaketa 1948 urtean antolatu zen aurrenekoz. Urteetan zehar gorabeherak izan ondoren, 1972an hartu zuen gaur egungo egitura. Aurtengoa lehiaketa egiten den 45. aldia da, eta 46 herrialdetako 400 argazkilarik hartu dute parte, eta guztira, 4.312 argazki aurkeztu dituzte. Azken edizioan Danny Yen Sin Wong malasiarrak irabazi du sariketa, hark ateratako Bras Copper izeneko argazkia izan baita epaimahaiak nabarmendu duena.
Erakusketa zabalik egongo da aste osoan zehar. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabakik. Asteburuetan eta jai egunetan, aldiz, 12:00etatik 14:00etara.