Motoen hotsekin hasi da Azpeitia Motor Festibala

Uztarria.eus 2018ko ira. 22a, 21:17

Hirugarren urtez jarraian, Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) antolatutako Azpeitia Motor Festibalak hartu du Perez Arregi plaza. Motorzaleen zein musikazaleen eguna da gaurkoa, eta isiltasunik ez da izango eguna bukatu artean. Motoak izan dira hotsa ateratzen aurrenak. 

Motorzaleak 16:00etan hasi dira Perez Arregira hurbiltzen, beren moto eta guzti. Denak elkartu ostean, 16:30ean kostaldetik joan-etorria egin dute. Heavy eta metal kontzertuak izango dira ondorengo protagonistak. Aurtengoan lau talde igoko dira oholtzara Azpeitia Motor Festibalean, eta aurrenekoa Storm izan da. 19:00ak aldera hasi dira beren doinuekin plazatxoa girotzen, eta gogotik gozatu dute bertaratu diren zaleek. Haien ostean, beste hiru talde izango dira Perez Arregin zuzenekoak eskaintzen. 20:15ean Kauceren txanda izango da eta 21:30ean Saratogarena.Leizek emango du kontzertu nagusia, 23:30ean hasita. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide