Joan zen ostiralean, irailaren 21ean, aurkeztu zuen Hazparneko (Lapurdi) Falta taldeak bere ibilbideko bigarren diskoa. Manu Etxegaraik (bateria eta ahotsa), Sebastien Delaportek (baxua eta ahotsa) eta Beñadin Lohiaguek (gitarra eta ahotsa) osatzen dute Falta, eta Sanagustin kulturguneko Arkupean eskaini zuten Falta #2 diskoaren aurkezpen kontzertua, Arkupehotsak egitasmoaren plaza den eszenatokian, hain zuzen.
Ostiraleko hitzorduan post-rock eta grunge musika estiloetatik edaten duten kantuez girotu zuten Arkupea Hazparneko artistek. Haien kontzertuaren aurretik, Zestoako Rodeo taldeak berotu zuen giroa. Dozenaka lagun animatu zen ostiralean Sanagustinera, bi zuzenekoez gozatzera.
Arkupehotsak egitasmoaren lehen edizioko irabazlea da Falta. Orotara, 23 taldek eman zuten izena Kulturaz kooperatibak abiatutako Arkupehotsaken aurreneko deialdian. Horietatik hamar aukeratu zituzten Sanagustin kulturgunean kontzertua emateko. Hautatutako hamar talde horiek –tartean zen Falta– joan zen neguan zehar eskaini zituzten zuzenekoak Azpeitiko kulturguneko Arkupean. Behin kontzertu denak eskainita, aurreneko deialdiko irabazlea aukeratu zuen Kulturazek. Hazparneko taldearen lana nabarmendu zuen kooperatibak, eta hari eman zioten bigarren diskoa grabatzeko diru-laguntza.
Kulturazek azaldu duenez, "oholtza gainean erraz defendatzen den taldea" da Falta, eta, gainera, beren kantuek "egitura berezia" dute. Hori dela eta nabarmendu dute Faltaren lana Kulturazeko kideek. Hazparneko musikariek ostiralean aurkeztu zuten Arkupehotsak egitasmoaren bultzadarekin gorpuztutako lana, jendaurrean.
Bigarren Arkupehotsak, ate joka
Kulturaz kooperatibak 2017an jarri zuen martxan Arkupehotsak egitasmoa, musikari berriei nahiz garatze bidean dauden proiektuei "plaza duin bat" eskaintzea xede. Joan zen azaroan ireki zuten Arkupehotsaken bigarren deialdia, eta datorren asteburuan hasiko dira edizio horretara aurkeztutako taldeen emanaldiak. Kulturazek aurreratu duenez, ostiralean Soma Cult eta Dunne taldeek joko dute Arkupean. Kultur Mahaiaren kooperatibak aurrerago jakinaraziko ditu Arkupehotsak egitasmoaren bigarren ediziorako aukeratu dituen gainerako taldeen izenak.