Porrotarekin hasi du denboraldia Lagun Onakeko nesken lehen taldeak

Uztarria.eus 2018ko irailaren 26a

Lagun Onakeko neskak denboraldi aurrean Bergaran.

Joan zen asteburuan hasi zuten Lagun Onakeko nesken lehen taldeko kideek sasoi berria. Zubietan Realaren aurka neurtu zituen indarrak taldeak, eta 6 eta 0 galdu zuten. Zapatuan Eibarren aurka neurtuko dituzte indarrak, etxean. Denboraldi berriaren atarian, hainbat aldaketa izan dira talde teknikoari eta jokalariei dagokienez.

Reala izan zuten parez pare asteburuan Lagun Onakeko lehen taldeko neskek, eta denboraldia nahi baino okerrago hasi zuten, Zubietako partida 6 eta 0 galduta. Lehen zati oso ona jokatu zuten Lagun Onakeko neskek, baina 41. minutuan hautsi zuen markagailua Realak. Bigarren zatian nagusitasunez aritu zen talde txuri-urdina. Asteburu honetan Lagun Onakek etxean hartuko du Eibar; zapatuan izango da norgehiagoka 17:00etan, baina gaur-gaurkoz ez dakite Garmendipeko belar naturaldun zelaian edo zelai artifizialean jokatuko duten.

Talde tekniko berria dute aurten Lagun Onakeko neskek: Ruben Pozo da entrenatzailea, Eguzkiñe Peña bigarrena, Jon Iriarte atezainen entrenatzailea eta Iraide Leunda delegatua. Jokalariei dagokienez, hainbat aldaketa izan da taldean: arrazoi desberdinak tarteko taldea utzi dute Elene Vilesek –Reala B taldean ariko da–, Olatz Erkiziak, Maite Arzallusek, Judith Sagardogik, Onintza Kerejetak, Iraide Leundak eta Nerea Delgadok; eta taldera batu dira Maddi Balerdi, Leire Arrojeria, Lohitzune Muguruza eta Maite Agirre kadeteak nahiz Monik Valor –Oiartzun taldetik etorri da– eta Miren Berasategi. Taldean jarraituko duten jokalariak, aldiz, honako hauek dira: Idoia Olaizola, Nahia Plazaola, Ane Balentziaga, Amaia Iturralde, Lorea Rueda, Naroa Aiertza, Ainhoa Bereziartua, Haizea Salegi, Maria Sorazu, Izaro Zinkunegi, Joane Korta, Ihintza Iturri, Jone Bastida eta Malen Astigarraga.

Denboraldi aurre gogorra

Lagun Onakeko neskek denboraldi aurre gogorra izan dute aurtengoa; izan ere, lehen bi astean karga handikoak izan ziren taldeko kideentzat. Hiru partida jokatu zituzten sasoi berria hasi aurretik. Lehen norgehiagoka Reala Bren aurka jokatu zuten Azpeitian, eta 0 eta 7 galdu zuten Lagun Onakekoek. Bigarren partidan Anaitasunaren aurka neurtu zituzten indarrak, eta Azkoitiko taldea 0 eta 1 nagusitu zen. Azken neurketak Bergaran jokatu zituzten, han egin zen torneo baten barruan. Realaren aurka jokatu zuten finalerdietako partida, eta 11 eta 0 galdu zuten lehia. Hirugarren eta laugarren postuak eskuratzeko norgehiagoka, berriz, Textil Escudo taldearen kontra jokatu zuten, eta partida hura 2 eta 1 irabazita, hirugarren postuan bukatu zuten txapelketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide