Euskaraldia

Azpeitiko lau eskolek bat egin dute Euskaraldiarekin

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Azpeitian 2018ko ira. 26a, 12:34

Eskoletako ikasle eta irakasle talde bat plazan.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Iraurgi Ikastetxeak, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastola BHIk bat egin dute Euskaraldiarekin, euskararen erabilera areagotzeko ariketa sozialarekin. Eskola horietan dagoeneko lanean ari dira ikasleei zein gurasoei egitasmo honen berri emateko eta ikasleei haren oinarriak ikusarazteko.

Eskoletako kideek Euskaraldiaren batzordean parte hartzen dute, hezkuntza gune egokia delako baloreak transmititzeko eta haur eta gaztetxoekin hartu-emanetan egoteko. Hezkuntza eragileek paper garrantzitsua dute euskararen normalkuntzan, eta eskolek ondo dakite hori. Horregatik, lehen unetik erabaki zuten egitasmo honetan ere lan egitea.

Dagoeneko batxilergoko eskoletan arnasguneen eta Euskaraldiaren inguruko tailerrak ematen ari dira, Udalaren eta UEMAren laguntzarekin. Ondoren, gainontzeko zikloetan ere landuko da gaia.

Eskolen parte-hartzearen helburua da ikasleak euskaldun bezala ahalduntzea, eta Euskaraldian zein eguneroko bizimoduan beraien ekarpena egitea. Izan ere, herri euskaldunetako herritarrek asko dute emateko ariketa sozial honetan, Azpeitian zein Azpeititik kanpo.

Dena den, Euskaraldia ez da ikasleei soilik zuzendutako proposamena. 16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete bertan. Baina zer da, zehazki, Euskaraldia?

Ariketa sozial hau azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da, eta helburua da hizkuntz ohiturak aldatzea zein euskararen erabilera sustatzea. Hau da, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz aritzea. Horretarako, herritarrek bi rol hauen artean erabaki beharko dute:

  • Ahobizi: 11 egunetan euskaraz egingo diezu euskara ulertzeko gai diren solaskide guztiei. Ezezagunei, berriz, lehen hitzak euskaraz egingo dizkiezu eta euskara ulertzen badute, hurrengoak ere bai.
  • Belarriprest: 11 egunetan euskal hiztun guztiei zuri euskaraz egiteko eskatuko diezu.

Zuen lana da bi rol horietako bat aukeratzea, eta dagoeneko eman daiteke izena izenematea.euskaraldia.eus webgunean. Behin izena emanda, batzordeko kideak jarriko dira harremanetan zuekin, txapak banatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide