Dozenaka lagun elkartu da gaur, asteazkena, Azpeitiko plazan, atzo Bilbon jazotako erailketa matxista salatzeko. Emakumeon kontrako indarkeriarekin amaitu! lelopean elkartu dira Basanderiek asanblada feministak deitutako elkarretaratzera batu diren herritarrak.
Bilbon eraildako emakumea Maguette Mbeugou zen. Atzo aurkitu zuten haren gorpua, bere etxean. Ertzaintzak Mbeugouren bikotekidea atxilotu zuen hilotza aurkitu eta ordu gutxira, hark hil zuelakoan. Eraildako emakumeak bere gizonaren aurkako salaketa jarrita zeukan Udaltzaingoan, genero indarkeriagatik. Salaketa jarrita bazuen ere, horrek "babes agindua" bete ez zuela gaitzetsi du Basanderiekek, eta esan du horrelako gertaerek "indarkeriaren aurkako neurrien hutsuneak" azaleratzen dituztela.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak jakinarazi duenez, atzoko hilketa zenbatuta, Euskal Herrian sei dira urtea hasi zenetik indarkeria matxistaz hildako emakumeak. Datu horri erreferentzia eginda, indarkeria sexistak "mugarik ez" duela adierazi dute Basanderiek asanbladako kideek gaurko elkarretaratzean. Horren harira, adierazi dute indarkeria matxista "sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduan ezinbesteko tresna" dela: "Eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak, mantentzeko erabiltzen duen baliabidea da indarkeria matxista".
"Boteretze feministarako" deia
Mbeugouren hilketa salatu ez ezik, "boteretze feministarako" deia egin du Basanderiekek, "beste behin". Izan ere, asanblada feministako kideen aburuz boteretze feminista izango da "erasoak saihesteko eta bizi garen ingurua eraldatzeko bide bakarra". Horrez gain, biolentzia matxistari "hortzak erakusten" dizkiotela azpimarratu dute asanbladako kideek: "Elkarrekin indartsuago egiten ari gara, antolatuta gaude, eta beldurrik gabe erantzuteko prest gaude. Indarkeria matxistaren aurrean, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia iritsi da".
Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Gaztetxeak ere salatu dute Bilbon jazotako azken hilketa matxista. Udalak, bere aldetik, adierazi du indarkeria matxista gizartean sortutako "arazo benetan larria" dela. Horrez gain, erakundeak esan du Udalak ez duela onartzen "giza eskubideen urraketarik", eta gogorarazi du urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzea herritarren ardura ere badela. Azpeitiko Gaztetxeak, aldiz, esan du indarkeria matxistarekin amaitzeko "errotik" aldatu behar dela idarkeria hori "ahalbidetzen eta sustengatzen" duen sistema: "Gure egin beharra gizarte eredu berri baten oinarriak ezartzea da, horrekin gizarte kapitalistak ezartzen dituen harreman sozialak bere osotasunean gainditu ahal izateko".
