Herritarren berotasunak babestuta egin du debuta Jon Alberdik

Uztarria.eus 2018ko ira. 29a, 15:20

Profesionaletan jokatutako lehen partida irabaztea lortu ez badu ere, "oso pozik" dago Jon Alberdi pilotaria. Eta ez zaio horretarako arrazoirik falta; izan ere, gutxitan ikusi da Azpeitiko Izarraitz pilotalekua atzo bezala beteta. Frontoia haren aldeko pankartaz inguratuta zegoela eta gertukoen ohiu artean egin zuen debuta azpeitiarrak atzo gauean, eta horrekin gelditzen dela dio: "Izugarria izan zen. Sake bakoitzak 21. tantoa zirudien. Sentitu nuena sekulakoa izan zen, eta eskerrik asko denei".

Oinatz Bengoetxearen eta Alvaro Untoriaren aurka jokatu zuen estreinako partida Alberdik, Jon Ander Albisu bikote zuela, eta  zenbait momentutan markagailuan aurretik jartzea lortu bazuten ere, 22 eta 19 galdu zuten neurketa azkenean. Zortzi tanto egin zituen azpeitiarrak, eta beste zazpi galdu; eta tanto polit askoak ere egin zituen, zaleen pozerako. Zorte txarrik ere izan zuen Alberdik atzokoan: hain zuzen ere, horkatilan min hartu zuen azken tantoan, baina gaur azaldu duenez, zaintiratu bat duen arren, ez da ezer larria, eta berehala normaltasunez entrenatzen hastea aurreikusten du.

Alberdiren partidaren aurretik, Artolak eta Arteagak lau eta erdiko neurketa jokatu zuten, eta 22 eta 20 nagusitu zen Arteaga. Alberdiren partidaren ostean, Victor eta Laso aritu ziren nor baino nor, eta Victor nagusitu zen, 22 eta 16. Pilotari guztiek xingola beltza eraman zuten atzokoan, zendu berri den Javier Otaegi Beixama pilotari ohiaren omenez.

700 bat lagun bildu ziren atzo Izarraitz pilotalekuan, aspaldian bildu den jendetzarik handiena, eta Ilunpe pilota elkarteak balorazio "positiboa" egin du atzoko jaialdiaz. "Frontoia ia bete egin zen, espero baino askoz ere jende gehiago bildu zen atzokoan. Partidak ez ziren bereziki izugarriak izan, baina emozio pixka bat izan zuten, eta nahikoa maila ona erakutsi zuten pilotariek. Tanto politak eta ere izan ziren, eta jendearen erantzuna aparta izan zen herritar baten debutaren aurrean".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide