Ordutegiaren erreformaz eta horren eraginaz mintatu da Fabian Mohedano Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2018ko urriaren 3a

"Berdintasunerako tresna berria" da Fabian Mohedanorentzat ordutegiaren erreforma. Reforma horaria ekimenaren sustatzailea da Mohedano, eta luze mintzatu zen gaiaz atzo, asteartea, Sanagustin kulturgunean. Hasteko, egitasmoa nondik sortu zen azaldu zuen Mohedanok. Gaur egungo ordutegi sistemak edo ereduak gure eguneroko erritmoan eta osasunean duen eraginaz kezkatuta hasi zen proiektua garatzen.

Behin testuinguruan kokatuta, ordutegi sistema horren aurrean jar daitezkeen alternatibak zerrendatu zituen, multzo ezberdinetan banatuta. Esaterako, hizpide izan zuen ordu aldaketa. Mohedanok azaldu zuenez, bere aburuz neguko ordutegia osasuntsuagoa da pertsonentzat. Egitasmoaren sustatzailearen hitzetan, "frogatuta" dago goizeko argi hizpiak direla osasunarentzat onenak, eta interesgarriagoa dela goizean goiz esnatu eta goizo oheratzea. Horrez gain, Kataluniako zenbait herritan zein Kataluniako Parlamentuan ezarri dituzten zenbait neurriren inguruan hitz egin zuen Mohedanok. Ordutegiak "malguagoak" izatearen garrantzia azpimarratu zuen Reforma horariaren sustatzaileak, pertsonak beren betebeharrak egin ahal izateko. Haren aburuz, "lehentasunen arabera" moldatu behar da laneko ordutegia. 

Egitasmoaren helburua da herritarrek "ordutegi egokiagoak" izatea eta denbora "askatasun handiagoarekin" kudeatu ahal izatea. "Emakume eta gizonen arteko berdintasuna ahalbidetzen duten ortegiak eta harreman, osasun zein ongizate maila hobeak lortzeko aukera ematen dutenak" lortu nahi ditu Mohedanok sustatutako ekimenarekin.

Azpeitiko Udala herritarren denboraren erabileraren azterketa egiten ari da joan zen ekainetik. Udako oporren ostean, hainbat ekintza antolatu ditu Udalak, Denbora neurtuz egitasmoa herritarren artean ezagutarazteko, azpeitiarrek denboraren erabileraz hausnartzeko eta gaiaren inguruko kontzientzia hartzeko. Atzokoa erakundeak antolatutako bigarren hitzordua zen. 

(Argazkia: Emakumeen Txokoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide