Xiriako Gurrutxaga zenari eskainitako eskultura jarriko dute Nuarbeko frontoian, igandean

Uztarria.eus 2018ko urr. 4a, 18:53

Xiriako Gurrutxaga.

Urriaren 11n izango da Nuarbeko puntista ohia hil zeneko urtebetetzea, eta haren lagun min Juan Mari Etxeberriak egin du igande goizean inauguratuko duten irudia.

Xiriako Gurrutxagaren ohorezko sakearekin inauguratu zuten 2012ko uztailaren 15ean Nuarbeko frontoia, eta Gurrutxagari eskainitako eskultura bat ikusiko dute igandetik aurrera frontoi horretara joaten direnek.

2017ko urriaren 11n hil zen Nuarbe ezizenarekin zesta-puntan ibilbide oparoa egin zuen nuarbetarra. Haren heriotzaren urtemugaren bezperetan, Gurrutxagaren lagunek eta herrikideek, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. haren omenezko eskultura jarriko dute Nuarbeko frontoian; Gurrutxagaren lagun min Juan Mari Etxeberriak egin du irudia.

Eskulturaren inaugurazioaren bueltan zenbait ekitaldi prestatu dituzte. 11:00etan meza izango da Nuarbeko elizan, eta meza ondorenean inauguratuko dute eskultura; Gurrutxagaren lagunek eta familiakoek hartuko dute hitza, eta bertsoak eta aurresku dantza ere izango dira. Ilunpe elkarteko pilotari gaztetxoek partida jokatuko ondoren –Sarasua eta Egiguren Ziarsoloren eta Azkueren kontra ariko dira–, eta elkartzen diren guztiek mokadua egiteko aukera ere izango dute, ekitaldia borobiltzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide