Xanti Rodriguezen 'Lekaime' estreinatu dute Sitgesen

Uztarria.eus 2018ko urr. 8a, 17:46

Xanti Rodriguez atzo, Sitgesen, mikrofonoa eskuetan duela, Yara Vergara lankidea ondoan duela, lehiakide dituen zuzendariez inguratuta.

Sail ofizialaren barruan film laburren atalean lehiatuko diren hamar lanak eman dituzte asteburuan Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdia, tartean azpeitiarrarena.

"Gustura" zetorren gaur goizean Sitgesetik (Bartzelona, Katalunia) etxerako bidean Xanti Rodriguez (Azpeitia, 1978). Atzo aurkeztu zuen Kataluniako herriko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdi ezagunean Lekaime; filma han estreinatzeaz gain, Sitgeseko jaialdiaren sail ofizialaren barruan film laburren atalean lehiatuko da Rodriguezen lana, beste bederatzi filmekin batera. Asteburuan eman dituzte hamar filmak, zapatuan eta igandean, eta atzoko saioan izan zen Lekaimeren txanda.

Estreinaldia "oso ondo joan" zela adierazi du Rodriguezek. Filmeko taldekideekin batera izan da jaialdian zuzendaria eta "Sitgesek zer esan nahi duen ezagutu" dutela dio. Joaterakoan zuen "kezka" gaindituta gelditu dela ere nabarmendu du: "Gainerako filmak ikusteko aukera izan dugu, askotarikoak eta herrialde ezberdinetakoak, guztiak egikera bikainekoak. Kezka puntu bat bagenuen hasieran, maila emango ote genuen. Baina kezka hori gainditu dugu, jendea gustura gelditu zen".

Hilaren 14an bukatuko da Sitgeseko jaialdia eta egun horretan jakinaraziko dute palmaresa. Handik boste egunera, urriaren 19an, emango dute Lekaime Azpeitian; Soreasu antzokian izango da, 21:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide