Atzo, urriak 11, Txata, Gotzon Aranbururen aita gure artetik joan zitzaigun. Azpeitiko Sare Herritarrak bere elkartasun sentituena eta babes osoa helarazi nahi dizkie Txataren senideei eta gertukoei. Sareren eguneroko lanean bidelagun izan dugu Txata, eta beti izan genuen bere laguntza, beti zegoen hor, gu laguntzeko prest. Mila esker, Txata.
Txatak urte andana zeramatzan semea bisitatzeko espetxera bueltaka. Esan beharra dago, gaur egun, Gotzon etxetik 720 kilometrotara urrunduta dagoela, eta beraz, hura bisitatzera joateko bidaiak hamalau ordutik gorakoak direla. Horrez guztiaz gain, aipamen berezia egin behar zaio Txatak eta beste adineko senideek bizi duten egoerari. Urrunketak senideengan dituen ondorioak are eta latzagoak dira hirugarren adineko senideei dagokienez; izan ere, kostu fisiko, psikiko eta ekonomikoak dituzte. Hala ere, kosta ala kosta eta ondorenak ondoren, bidaiari aurre egiteko prest agertu izan da beti Txata.
Zentzu horretan, gogoan izan behar dugu salbuespen legediak zein urrunketak indarrean jarraitzen duten bitartean asko direla Txataren eta Gotzonen egoera bera bizi duten presoak zein senideak. Benetako bakea eta konponbidea lortu nahi badugu, salbuespenezko politikaren eta giza eskubideen urraketa horiekin guztiekin amaitzeko eta presoen auzia konpontzeko adostasun zabalak lantzeko garaia da.
Giza eskubidea. Bakea. Konponbidea. Euskal presoak, iheslariak eta deportatuak Euskal Herrira.