Emakumeak kontutan hartuko dituen ekonomia eta pentsio sistema baterako proposamen feministak izenburupean solasaldia eskainiko dute gaur, hilak 15, Emakumeen Txokoan, 18:00etan hasita. Pentsioen gaia pil-pilean dagoen garaiotan, "emakumezkoak kontuan hartuko dituen sistemaz" hitz egingo du gaurko saioan Maria Pazos matematikari eta ekintzaile feministak. Pazos, matematikaria da eta ikertzailea izan da Ikasketa Fiskalen Institutuan. Horrez gain, Nazioarteko Ekonomia Feministako Elkarteko kide eta politika publiko eta fiskalak genero ikuspegitik aztertzen espezializatu da, baita nazioarteko zerga eta prestazioen sistemen konparaketan ere.
Gaurko saioan, publikatu berri duen Contra el patriarcado . Economia feminista para una sociedad justa y sostenible liburua aurkeztuko du. Horrez gain, pentsioak, prestazioak, zaintza lanak nahiz lan merkatua ikuspegi feministatik aztertuko ditu, eta emakumeak kontutan hartuko dituen ekonomia eta pentsio sistema baterako proposamen feministak egingo ditu hitzaldian. Liburu horretan proposamen zehatzak egiten ditu programa ekonomiko feminista bat aurrera emateko eta sexuaren araberako lan banaketa sustatzen duten politika publikoak aldatzeko.