Atzo gauean piztu zen suak erabat kiskali du Izarraitz auzoan dagoen Egurtza Azpikoa baserriko bi etxebizitzetako bat. Atzo 22:00ak aldean piztu zen sua baserrian –ez dakite zerk eragin zuen sua–, eta handik gutxira bertaratu ziren suhiltzaileak. Horiek gau osoa eman dute lanean, eta goizean oraindik ere bertan ziren, azken lanak egiten. Sua itzali dute dagoeneko, baina baserria erabat kiskali da. Dena den, baserri berari itsasita dagoen alboko etxebizitzak ez du kalterik jasan. Sutean ez da inor zauritu; izan ere, Egurtza Azpikoa baserrian bizi zen bizilaguna etxebizitzatik kanpo zen sua piztu zen unean. Hark sumatu zuen sua, eta alboko baserrira joan zen laguntza eske.