Nerea Berasategik Europako Triatloi Txapelketarako txartela eskuratu du

Uztarria.eus 2018ko urr. 17a, 12:28

Nerea Berasategi asteburuan Sevillan jokatutako proban.

Joan zen astean lortu zuen txapelketarako txartela, Trikideak taldeko kideekin batera. Oraindik ez daki ez non eta ez noiz jokatuko den proba. Triatloi denboraldia bukatuta, haren balorazio gazi-gozoa egin du. Aurreko ikasturtea Valladolideko goi errendimendu zentro batean egin ostean, Murtzian egingo du hasi berri dena. Sasoi berrian elite mailan ariko da, distantzia luzeagoko probetan, eta lanari ekiteko gogotsu dago.

Nerea Berasategik (Azpeitia, 2001) Europako Triatloi Txapelketarako txartela eskuratu zuen asteburuan, Sevillan (Espainia) jokatutako triatloi proban. Elite mailako proban parte hartu zuen azpeitiarrak Trikideak taldearekin, eta han lortutako emaitzak tarteko oraindik zehaztu gabe dagoen Europako txapelketan ariko da taldeko gainerako kirolariekin batera; izan ere, taldeko kide guztien emaitzen baturari esker ariko dira kirolariak txapelketan. Dena den, bukatu berri duen denboraldiaren balorazio gazi-gozoa egin du azpeitiarrak: "Denboraldia ez zait nahi nuen bezain ondo atera; pare bat proba ondo egin ditut, baina ondo egitea espero nituen beste batzuk ez". Hala eta guztiz, "gustura" dago egindako lanarekin. "Egindako lana ez da islatu emaitzetan, baina hor dago, eta balioko dit datorren denboraldirako", esan du.

Dagoeneko hurrengo sasoiarekin pentsatzen hasia da triatleta gaztea, eta badu horretarako motiborik. Izan ere, datorren denboraldian mailaz aldatuko da, elite mailan lehiatuko da, eta probetako distantzia ere desberdina izango da orain arte egin dituenekin alderatuta: aurrerantzean parte hartuko duen probetan 750 metro igerian, hogei kilometro bizikletan eta bost korrika egin beharko ditu. Aldaketari ez dio beldurrik; aitzitik, uste du "ondo" modaltuko dela distantzia horietan. "Ea joan den denboraldian lortu ez ditudan emaitza horiek datorrenean iristen diren".

Beka bati esker, aurreko ikasturtea Valladolideko (Espainia) goi errendimendu zentro batean egin zuen Berasategik, eta jada martxan den ikasturte berria Murtzian (Espainia) hasi du. Batxillergoko bigarren mailako ikaslea da azpeitiarra, eta gustura dago zentro berriarekin. "Nire adinekoentzat Espainian dagoen bigarren zentrorik onena da Murtziakoa, eta lanerako ilusio handiarekin nago. Lanerako gogoa daukat, baita hobetzeko ere, eta orain arte pasatu dudan hilabetea oso ona izan da. Beraz, ea zer moduz joaten den ikasturtea", adierazi du. Dena den, hark azaldu du ikasturtea ez dela "erraza" izango: "Erraztasunak ematen dizkigute ikasketei dagokienez, baina egunero hiru ordutik gorako entrenamendu saioak egiten ditugu, eta ikasi ere egin beharko dugu. Orain arte ondo ari naiz moldatzen, eta ea hala jarraitzen dudan". Kirolariak jakinarazi duenez, gainera, lesiorik-eta ez badu izaten bertan hasiko ditu datorren urtean unibertsitateko ikasketak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide