"BMWa? Noski, azpeitiar batek zer bestela". Esaldi hori entzun dudan bakoitzeko euro bat eman izan balidate, honezkero... BMWa kapritxo bat dela onartzeko inolako arazorik ez. Askoz ere kotxe apalagoarekin nire beharrak asetzeko inolako arazorik ez nuke, baina gizon ahula izan eta kapritxoen tentazioan erori ni neu neroni.
Marka bai, kapritxoa da; baina kotxea ez, kotxea behar hutsa. Garraio publikoaren onurez hitz egiten den honetan, esaidazu lagun jator horrek, nola demontre egin behar dudan nik, garraio publikoan, Azpeitia-Miramon joan-etorria, gutxieneko baldintza duinetan. Punpa lasterrean egin dudan kalkuluaren arabera, lanerako, azken 28 urteetan, ia 6.000 joan-etorri egin ditut xapoen herria eta Miramon artean. Eta noski, erabateko tontoa ez naizenez, lanerako hainbeste kilometro egin behar izanda, marka bai, kapritxoa; kotxea ez, kotxea beharra, eta kotxearen motorra, diesela.
Akabo Jesus. Erotu egin al haiz, Txetxu? Diesela? Munduaren amaiera dakarten kutsatzaileetako bat bihurtu haiz, Urbieta! Ez lotsatzea ere! Errepidean noala albokoek gaizki begiratzen didatenaren irudipena daukat. "Ederki damutu behar duk! Diesel erregaia urrearen pare ordaindu beharko duk. Horra hire penitentzia". Profesionalen diesela ez da garestituko, baina guk bezala lanerako ezinbestean kotxea behar dugunok eta bere garaian merkeago ateratzen zelako diesela aukeratu genuenok, orain larrutik ordainduko dugu gure krudelkeria.
Fida zaitez gure aginduetara egon beharko luketen gure agintariez. Hego haizea baino azkarrago aldatzen dira. Eta gu uso pasako uso gaixoak.