Yolanda Jaen Gomez iruindarraren hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du biharko Basanderiek asanblada feministak, eta Azpeitiko Udalak bat egin du mobilizazioarekin. Herritarrak, beste behin, plazan elkartuko dira emakumeen aurkako indarkeria salatzeko, 19:00etan.
Nafarroako Gobernuak atzo arratsaldean jakinarazi zuen hil egin zela aurreko astean Iruñean bikotekideak etxeari su emanda zauritu zen 50 urteko emakumea. Poliziak herenegun atxilotu zuen gizona, eta epaileak espetxeratu egin du. Udalak "gogor" gaitzetsi du azken hilketa matxista, eta adierazi du Euskal Herrian dagoeneko zortzi emakume hil dituztela aurten. Hildakoaren senideei eta gertukoei elkartasuna adierazi die Udalak, eta herritar guztiei dei egin die eraso matxistak salatzeko antolatu diren ekimenekin bat egin dezaten.
Udalak gogoratu du indarkeria matxista "gizon eta emakumeen berdintasun ezetik sortutako arazo benetan larria" dela gizartean. Berretsi du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, eta halako kasuen aurrean "modu aktiboan" jokatzera deitu dituzte herritarrak.
Erasoren bat gertatuko balitz, berriz, herritarrek Udaltzaingora (943-15 13 13), Ertzaintzara (943-08 37 80) edota Larrialdi Zerbitzuetara (112) deitzeko "ezinbesteko betebeharra" dutela azpimarratu dute. "Denon ardura eta betebeharra da indarkeriari aurre egitea".
Udalak berretsi du egunerokoan ikastetxeetan bultzatzen ari diren hezkidetza programen bidez, pertsonen arteko berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean jarraituko duela.