Asteburuan ez da zine emanaldirik izango Soreasu antzokian. Izan ere, zapatuan Matxinada herri antzerki musikatua izango da 22:00etan hasita, eta igandean De Simba a Kiara: Tributo del Rey Leon ikuskizuna izango da. El Rey Leon musikalean oinarrituta dagoen ikuskizunaren bi emanaldi izango dira; 17:00etan eta 19:00etan. Aurreneko emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude, baina bigarrengorako Kulturaz.eus webgunean nahiz Sanagustin kulturgunean eskura daitezke, hamabi euroren trukean. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak Soreasuko leihatilan, hamazortzi eurotan.
XXXVI. Euskal Antzerki Topaketek asteburuan hasiko dira Matxinada ikuskizunarekin, baina, dena den, topaketek irauten duten bitartean izango dira zine emanaldiak Soreasun. Besteak beste, Gure oroitzapenak, First man, The Rider eta Ha nacido una estrella filmak izango dira ikusgai datozen asteetan.