Organo Erromantikoaren XIX. Zikloa iritsi da azken txanpara, eta igandean izango da Azkoitiko Amabirjinaren Jasokundearen Parrokian, Loiolako Basilikan eta Bergarako San Pedro Parrokian antolatutako kontzertuetan azkena. Hain zuzen ere, Loiolako Basilikako organoa joko dute igandean, 19:00etan hasita. Arantxa Sagarzazu zestoarrak, Lorea Larrañaga bergararrak, Luisi Izagirre zarauztarrak, Elena Agirre azpeitiarrak, Leo Juaristi azkoitiarrak, Anaitz Lizartza azpeitiarrak eta Elena Laka eibartarrak parte hartuko dute. Horietako batzuk Frantzesenaren ikasleak dira, eta hark zikloaren aurkezpenean jakinarazi zuenez, ikasle horiek organoa jotzeko duten "abilezia" azpimarratzekoa da. "Kontzertua ederra eta atsegina izango da; edo hala izan dadin nahi dugu, behintzat".