Beltzaldiko argitasunak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2018ko urr. 25a, 14:02

Gaur, urriak 25, Urola Kostako Hitza egunkarian, Puntuka atalean, argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Eta halako batean (2011ko abendua zen egutegietan) puskatu egin nintzen. Puskatuta gelditu nintzen. Ez dago hitz hoberik hura adierazteko. Bi urteko umearen sendotasun emozionalera amildu nintzen berrogeitakarekin. Hori onenean. Txarrenean, hilda bezala sentitzen nintzen, eta horrek esan nahi du ez neukala pozik; ez ezeren pozik eta ez ezertarako pozik, eta orduan bizitzen segitzea ezinkizun oso-osoa zen barrutik, nahiz-eta kanpotik gizagauza bixidun baten itxurari eutsi.

Urte batzuk joan dira eta orain kontatzeko moduan naiz. Eta ez neure burua erakusteagatik, baizik-eta besteri erakusteagatik eta argitasun pixkat emateagatik. Beltzaldi gogorrean pasatakoari ilunpetxo bat gelditzen zaio betiko itsatsia, baina baita argi biluzi bat ere, eta argi horrekin ari naiz gaur, ustez behintzat. Eta kontatzeko moduan naiz, ez nuelako neure burua garbitu, jakina, baina orduan gauzarik naturalena zirudien betiko bukatzeak: hilda bezala egotetik hilda egotera dagoen aldea oso axalekoa da.

Mundu guztiak aditu du "depresio" hitza, baina mundu guztiak ez daki zer dagoen hitz horren azpian eta aldirietan, eta funtsean dagoena da bizi nahi ez eta bizi beharra; eguna argitu orduko gau beltzaren zain egotea… eta abar luze eta zatar bat. Orain esaten ditut gauza hauek agerian, baina orduan, barruti intimoenetik kanpora, ez zegoen hori adituko zuen belarririk eta bihotzik. Hauek gauza zakarregiak baitira belarri normalentzat, eta hemen doa gaurko aurreneko argitasuna beltzaldi gogorrean amildu den edonorentzat: badaezpada, ezin eduki liteke izugarrizko esperantzarik familia ofizialarekin, zeren izan baitaiteke helduleku eta laguntza, baina izan liteke kontrakoa ere, eta izan liteke arazoaren parte eta arazoaren iturburu ere; segurua dena da ez dela batere esperantzarik eduki behar lagun edo adiskide ofizialetan, eta hau ia orokorra da eta ahobatezkoa: laguntasuna ez da holakoetan laguntzeko, zeren laguntasuna oso gauza arina baita gure artean edo gure munduan, eta lagun ofizialek arinetik eta komeni bezala hartu ohi dute asuntoa: "esajeratu egiten du", "ez dauka motiborik hola egoteko", "ez pentsatu orain zentroa bihurtuko haizenik", "negar erraz egiten duk hik", eta abar. Hau argitasun moduan diot, ez inor epaitzeagatik. Inor ez baikaude libre "humanoegiak" (hau da: eskasak) izatearen bekatutik. Bestela esanda: badaezpada, ez segurutzat jo seguru ez den heldulekurik; ez amarik, ez lagun minik eta ez ezer. Laguntza, gehienetan, uste ez den lekutik agertu ohi da.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide