Euskaraldia

500 laguneko langa igarota, Sanjuandegin jarriko dugu bihar izen-emate mahaia

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Azpeitian 2018ko urr. 25a, 10:29

Dagoeneko 500 lagun baino gehiagok izena eman dugu Azpeitian Euskaraldia ariketa sozialean. Eskerrik asko Ahobizi eta Belarriprest izateko konpromisoa hartu duzuen guztioi. Dena den, oraindik ere izena eman daiteke, eta horregatik jarriko dugu bihar, ostirala, mahaia, Sanjuandegiko igerileku inguruan. 19:00etatik 20:30era egongo gara bertan, informazioa emateko eta izen-emateko orriak betetzen laguntzeko. 

Dena den, gogoan izan izena eman dezakezuela Internet bidez ere, izenematea.euskaraldia.eus webgunean sartuta.

Zer da Euskaraldia?

Ariketa sozial hau azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da, eta helburua da hizkuntz ohiturak aldatzea zein euskararen erabilera sustatzea. Hau da, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz aritzea. Horretarako, herritarrek bi rol hauen artean erabaki beharko dute:

Ahobizi: 11 egunetan (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) euskaraz egingo diezu euskara ulertzeko gai diren solaskide guztiei. Ezezagunei, berriz, lehen hitzak euskaraz egingo dizkiezu eta euskara ulertzen badute, hurrengoak ere bai.

Belarriprest: 11 egunetan (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) euskal hiztun guztiei zuri euskaraz egiteko eskatuko diezu.

Azpeitiarrok zeresan handia dugu Euskaraldian; izan ere, gure herriko egoera soziolinguistikoari ekarpena egiteaz gain, inguruko herrietan eta hirietan ere eragin dezakegu. Herri euskaldun bateko bizilagun bezala, euskara gurekin emango dugu edonora, eta indarra emango diogu Euskal Herri osoan zabal dadin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide