2019ko udal hauteskundeetako zerrendaburua aukeratuko du EH Bilduk bihar, asteartean, 19:00etatik 20:00etara Baigeran egingo den batzar irekian. Ondoren, haren aurkezpen ekitaldia eta luntxa izango dira azoka plazan, 20:00etan hasita. EH Bildurentzat egun garrantzitsua da biharkoa, horregatik, bere oinarriei eta azpeitiarrei dei egiten diete batzarrean zein aurkezpen ekitaldian parte hartzeko. Ekitaldian bertan, argazki bat aterako da alkatetzarako hautagaiarekin, eta abiapuntu indartsua eman nahi zaio maiatza bitartean egiteko dagoen bideari.
Prozesu parte-hartzaile baten bidez aukeratuko da EH Bilduren Azpeitiko hautagaia. Atzo, igandea, bukatu zen alkatetzarako proposamenak egiteko epea, eta biharko batzarrean aukeratu edo onetsiko dute EH Bilduko oinarriek datozen hauteskundeetako zerrendaburua.
Prozesua hasi besterik ez da egin, eta alkategaia izendatuta, gainontzeko kideen zerrenda egiteko prozedura bera jarraituko du Azpeitiko EH Bilduk. Hori dela-eta, oinarriei eskatu nahi die, orain artean bezala, prozesu honetan bidelagun izaten jarraitzeko.