Urriaren 4an Asisko San Frantziskoren eguna da. Ez dakit izenak ezer esaten dizun. Niri, asko. Izan zen eta erakutsi zuen guztia hitz batean biltzen da: anaia. Jakina, hitz hori ere motz geratzen zaigu euskaraz –are motzago beste hizkuntzetan–, gizonezkoa bakarrik adierazten baitu. Lau hitzez adierazten ditu euskarak senide arteko harremanak, batean agortu ezinik: ahizparentzat ahizpa, anaiarentzat arreba, arrebarentzat neba, anaiarentzat anaia. Anaien anaia eta arreben neba ez ezik, Frantzisko ahizpen ahizpa eta anaien arreba ere izan zela deritzot, genero-muga guztiak zeharkatuz.
Duela 800 urte, enperadore, errege eta tokian tokiko jauntxoen gizarte feudalean, menpetasunaren munduan, senidetasuna aldarrikatu zuen, diskurtso handiez baino gehiago eguneroko biziera apalaz. Burgo edo hirietan merkatari burgesen klase berria gailentzen hasia zenean, txikienen eta azpikoenen aukera egin zuen. Aita merkatari aberatsari aurre egin zion eta anaia lepradunak besarkatu zituen, pobreetan pobreenak.
Aberastasunen gutizian usteldurik, botere liskarretan trabaturik, egia bakarraren jabe zela sinesturik, heresiak eta heretiko guztiak garbitzearekin obsesionaturik, musulmanen aurkako gurutzadetan setaturik zegoen Eliza klerikal, dogmatiko, autoritarioaren ordez, anaia-arrebatasunezko eta klerorik gabeko Eliza apal, pobre, gizatiarra amestu zuen. Inor kondenatuko ez zuen, dogma eta lege guztien gainetik errukia aldarrikatuko zuen Eliza.
Ez zuen ez apaiz eta ez monje izaterik nahi izan, "guztien anaia pobre eta txiki" baizik. Ez zuen ordena handi bat fundatu nahi izan, anaia txikien mugimendu ibiltari bat baizik, komentu finkorik eta inolako jabegorik gabe. Inolako nagusigorik gabe. Gizaki eta izaki guztien anaia txikiena izatea zuen bizipoz. Senidetasunak egin zuen zoriontsu. Gure mundu arrakalatuan ba ote dugu beste irtenbiderik?