Zer ematen dizu idazteak?
Pertsonaia desberdinen azalean bizitzeko aukera.
Misteriozko eleberri bat idatzia duzu. Maitasunak ba al du misteriorik? Zein?
Inor maitatzeko, lehendabizi norbera maitatzen ikasi behar dela.
Eta sexuak?
Aurreko erantzunak balio du galdera honentzat ere. Kar, kar, kar!
Zerk inspiratzen zaitu?
Ikusten edo entzuten dudan edozerk. Gauza sinpleenetan egon daiteke istorio eder bat.
Txikitako zein ipuinetako pertsonaia izango zinateke?
Printzesa eta printze urdin gehitxo zeuden gure txikitako ipuinetan, baina nik Patxi Errementaria nuen gogoko. Deabruak ere ez zion adarra jotzen hari.
Xoxotetik Azpeitira begira jarrita, zer izenburu erotiko jarriko zenioke herriari?
Haran hezeko desirazko hormak.
Idatzi, egunez edo gauez?
Berdin dio gau ala egun, gogoa eta ahala elkartzen direnean. Sexuarekin antzera gertatzen da. Kar kar, kar.
Zer da zuretzako fantasia?
Esna amets egiteko modua.
Idatziko esaldi sugerente bat?
Goxo-goxo eta xuxurlatuta, edozein esaldi izan daiteke sugerente.
Sexu kontuetan, istorioak aurrez pentsatzea gustatzen zaizu edo bat-batean sortzea duzu gogokoago?
Idaztearekin bezala pasatzen zait: aurrez ideia bat izan dezakezu, baina emaitza inoiz ez dago jakiterik.
Kultura erotiko bat sortze bidean, zer egin dezakegu?
Askatu. Askatu lotsak, buruak, gorputzak. Tabu gehitxo dago oraindik, geure buruari jartzen dizkiogunetatik hasita.
Irakurtzen ari zaren liburu bat?
Caliban eta sorgina, Silvia Federicirena.
Zein idazlerekin afalduko zenuke?
Bizirik balego, Carson McCullersekin.
Amets bat?
Uharte desertu bat neuretzat, nahi dudanean eta nahi dudanarekin ihes egiteko.