Bertanen hamargarren urteurrena ospatu dute herriko merkatariek

Uztarria.eus 2018ko urr. 29a, 16:30

Bertan merkatari elkarteak hamargarren urtemuga ospatzeko ekitaldia egin zuen larunbat iluntzean Sanagustin kulturgunean. Libe Aranburu aktore eta merkatariak gidatu zuen saioa, eta Karmele Zabaleta Bertaneko lehendakariak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hartu zuten hitza. Etxeberriak hala esan zuen hitzartzean: "Imajinatzen Azpeitia dendarik gabe? Imajinatzen Azpeitia saltoki txikirik gabe?". Udalak azaldu duenez, merkataritza txikia sustatzeko konpromisoarekin jarraituko du, eta datorren urteko aurrekontuetan merkataritza txikia sustatzeko diru-laguntza lerro bat ezartzeko aukera azpimarratu du.

Ekitaldian izan zen herriko hainbat merkatari, eta Bertaneko bazkide diren eta 50 urtetik gora zabalik dauden saltokietako ordezkariek oroigarri bana jaso zuten. Honako saltoki hauetako kideek jaso zuten oroigarria: Azkue denda, Zabala harategia, Arrieta elektrogailuak, Furundarena oinetakoak, Valverde drogeria, Sansebastian harategia, Nerea Eskualanak, Urola autoeskola, Iturralde iturgintza eta Agirre opari denda. Ekitaldiaren ostean Sanagustin kulturgunean bertan afaria egin zuten merkatariek, Bertaneko teknikariek nahiz udal ordezkariek; guztira, 66 bat lagun elkartu ziren otorduan.

Bertan elkartearen hamargarren urteurrena dela eta, saltoki atarietan banderatxoak jarri dituzte elkarteko kideek, baita alfonbratxo bat ere.

Hona hemen, zapatuko ekitaldiko irudiak (Argazkiak: Azpeitiko Udala):

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide