Azpeitiko XIX. Erremonte Txapelketa iritsi da azken txanpara; izan ere, ostiralean, azaroaren 2an, jokatuko dituzte pilotariek finalak. Loiola eta Matxinbenta izenpean parte hartu duten bikoteek jokatuko dute finala, hau da, Utergak eta Labakak Matxin III.aren eta Agirrezabalaren aurka. Hirugarren eta laugarren postuen lehia, berriz, Larrañagak eta Juaneneak –Azkoitia– jokatuko dute Ansa II.aren eta Azpirozen –Urnieta– kontra. Jaialdia 18:30ean hasiko da Izarraitz pilotalekuan, eta sarrera bi euro ordaindu beharko da.
Matxinbenta bikoteak –Matxin III.a eta Agirrezabala– joan zen ostiraleko partidan 33 tanto egin behar zituen finalerako txartela eskuratzeko, eta bai egin ere; 40 eta 30 nagusitu zen bikotea Azpeitia taldearen –Segurola eta Ion– aurka. Bigarren partidan, Uterga eta Labaka –Loiola bikotea– 37 eta 40 nagusitu ziren Juanenea eta Larrañagaren –Azkoitia– aurka, eta horiek zuzenean eskuratu zuten finalerako txartela; nahikoa zuten partida irabaztearekin.
Urriaren 12an hasi zen txapelketa, eta sei bikote aritu dira ordutik lehian. Ostiraletan jokatu dituzte partida guztiak, Izarraitz pilotalekuan. Azpeitiko bost pilotarik parte hartu dute txapelketaren aurtengo edizioan: Matxin III.a, Agirrezabala, Ion, Labaka eta Aizpuru III.a.