Igandean egingo dute Mendiko XXIII. eta Udazkeneko XXIX. argazki rallya

Uztarria.eus 2018ko urr. 30a, 11:34

Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak mendi bazkunak egunean bertan jakinaraziko dituzte rallyaren ibilbidea eta gaia, eta argazkilariek ere igandean bertan eman beharko dute izena, argazki elkartearen egoitzan.

Igandean, azaroaren 4an, Mendiko XXIII. eta Udazkeneko XXIX. argazki rallya egingo dute Azpeitian, argazki elkarteka eta Lagun Onak mendi bazkunak elkarlanean antolatuta. Ohi bezala, antolatzaileek egunean bertan jakinaraziko dute argazkilariek egin beharreko ibilbidea, baita argazkiak ateratzeko orduan kontuan eduki behar duten gaia ere.

Parte hartzaileek Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi plaza 1, 1. solairua) eman beharko dute izena, igandean bertan, eta horretarako tartea izango dute 09:00etatik 09:30era bitartean. Helduek 10 euro ordaindu beharko dute, eta 16 urtetik beherakoek doan izango dute izen-ematea. Lehiaketa hasterako, memoria-txartela hutsik eduki beharko dute parte hartzaileek. 13:30ean amaituko da rallya, eta orduan, memoria-txartelak ordenagailuan hutsu beharko dituzte, elkartean. Behin txartelak hustuta, parte hartzaile bakoitzak argazkiak aukeratu beharko ditu, eta azaroaren 12ra bitartean bidali beharko ditu aukeratutako argazkiak argazkiaae@gmail.com helbidera. Bertan, partaidearen izena, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztu beharko ditu. 

Sari banaketa, berriz, hilaren 24an egingo dute, Lagun Onak mendi bazkunaren elkartean (Eliz Kale, 21), eta 18:30ean hasiko da hitzordua. Nagusien mailan, lehenengo hiru postuetan geratzen direnek honako sari hauek jasoko dituzte: 180 euro eta garaikurra, 150 euro eta garaikurra eta 120 euro eta garaikurra, hurrenez hurren. Herriko lehen sailkatuak 90 euro eta garaikurra irabaziko ditu, eta argazki onenaren saridunarentzat 60 euro eta garaikurra emango dizkiote. 16 urtetik beherako gaztetxoen mailan, berriz, irabazleak 30 euroko balea eta garaikurra eskuratuko ditu, eta sailkapenaren bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnek, berriz, 20 euroko balea eta garaikurra eta 15 euroko balea eta garaikurra irabaziko dituzte, hurrenez hurren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide