Igandean hirugarren egin zuen Mikel Larrañaga aizkolariak Lehen Mailako Aizkolarien Txapelketan, jendez leporaino bete zen Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta azpeitiarra "gustura" da egindako lanarekin. Dena den, hark Uztarria.eus-i azaldu dionez, saioaren bukaera aldean neke pixka bat sumatu zuen: "Fisikoki pixka bat gehiago prestatuta egon izan banintz, hortxe behar nukeen, aurrean".
Hala eta guztiz, horri bueltak ematen aritzea "alferrikakoa" dela aitortu du Larrañagak, eta txapelketan "ondo" sentitu zela azpimarratu du. "Gerra eman nien nire aurretik sailkatu ziren bi aizkolariei –Atutxa eta Vicente–, eta ikusi dut horiekin batera nagoela aurrean".
Etorkizunera begira ere jarri da azpeitiarra, eta esan du "aurrera segitzeko gogoz" dagoela. "Nire burua lehen hiruren artean ikusita, aurrera segitzeko gogotsu nago; entrenatzen segitzeko gogo gehiago piztu zait".