Guatemala hiritik San Cristobalerat bidean 150 kilometro eginik heldu da Helena Tiucalerat. Herri itxura du, udalerriko herririk handiena da, bederen. "3.546 arima" iragartzen du herriaren izenaren ondoan ageri den zenbakiak. Ederra iritzi dio Tamazulapa zubiari. Helenak ez zuen espero gisako obra zibilik munduko bazter honetan. Guziz ohiturik da alde guzietan New York ikusten, batzuk eta bertzeak Manhattan, Brooklyn edo Empire State etxekoak balituzte bezala hitzean eta hortzean ibiltzen. Guatemalan den aldiro jabetzen da munduaren neurriaz Helena.
Karrika nagusian orotarikoaren barnean daramatelarik, herria zer izaten ahal den ikusi du Helenak. Asfaltatua, errepidea. Lurra da bide bazterrean, ibilgailu bat hemen, bertze bat han, aparkatuak iduri. Bidearen alde bietan behar du zinezko herriak, arbola handien gerizan gordeak etxeak, gordea jendea... Karrika nagusia ez da, finean, hiriburua eta San Cristobal lotzen dituen errepide Amerika artekoa bertzerik.
Kontaktuaren etxerat doazelarik, Helenak gasolindegi ttarra ikusi du, janari denda bat han, kantinak ezker-eskuin, bihi saltokia, udaletxea, eskola. elizak –ebanjelikoa, batetik, eta katolikoa, bertzetik, bereizi ditu leiho beira-ilunetatik–, "Tiucal, Komunitate Bulegoa" leitu ahal izan du... Trafiko handirik ez, lau gurpilekiko ibilgailuak bezainbat bikoak.
Nahiz Tiucal duen izena –Teotlkal, "Jainkoaren etxea"–, Helenak pentsatu du bere zibilizazioan bertzela idurikatzen ahal dutela jainkoaren etxe zerua.
Aldiz, inola ere ez dutela idurikatzen ahal beren kontaktu Amerikaren bizitegia, are gutiago etxe barnea.
Amerika
Azal-beltzarana da Amerika, guatemalarra ez bezalako beltza. Beltzak ez bertzek duen zuritasuna darama hortz handietan morroi burusoilak. Soinean nikia jantzia, galtza belaunetik beherainoko motzak, sakela lasaietan kargamendua garraio. Kiroletako higatuetan sartuak ditu oinak. Amerika jaiki egin da Helena sartu delarik, bizkartzainak atarian auto barnean utziak.
–Hello, Amerika? Zer gisa? -Helenak.
–Ongi, eta zu? -Amerikak, adeitsu, ez muxu ez bortzeko, hortz zurien distira ageri beti.
–Erran behar didazu zer egiten ahal duen kubatarrak Guatemalako herri ttar honetan! Usteko nuen irlan nahi duela beti han jaioak -irribarre eskainiz ekin dio solasari Helenak, parean duen gizonkilaren bihotza ez baina konplizitatea irabazi nahirik; asmotan, bederen. Solaskidearekiko enpatiaren goiti-beheiti nahitaezkoak. Inork inoiz ikasiko ez dituenak, baina ikasiak balitu gisa jokatu beharrean Helena. Sei botilatxo ageri dituen kartoia eskaini dio-. Garagardoa ekarri dizut On Jaimeren partetik. "Eta goraintzi!", erran dit…
–"On Jaime" da orai? -aspaldixkoko lagunaren gomutan-, bertzerik gabe Jaime zen sasoi batean...