Azaroaren 9a Guinness errekorren nazioarteko eguna denez, proposamen bat dut azpeitiarrentzat.
Zergatik ez aurkeztu Azpeitia Guinness errekorretara? Zergatik ez lortu mundu mailako errekorrik Azpeitia nazioarteko herrien mapan kokatzeko?
Nahikoa da Guinnessekin kontaktuan jarri, izena eman eta errekorra gainditu nahi duzula esatea.
Guinness errekorren munduan imajinatu ere egin ezin diren errekorrak daude:
- Minutu batean emandako musu kopuru handienarena.
- Ogi barra handienarena.
- Buru gainean eraman daitekeen pisu kopuru handienarena.
- Buztanik luzeena duen katuarena.
- Momentu berean txupatxusa miazkatzen ari den jende kopuru handienarena.
- Hamar mila kilo txokolatez egindako etxearena.
Azpeitiarentzat proposatu ditzaket aukera batzuk. Ziur asko, gainera, podiumean oso goian geratzeko modukoak. Beste batzuen artean, esate baterako, honako hauek:
- "Hizkuntza gutxitu batean erabiltzaile gehien duen herria".
- "Kultur ekintzaile eta kultur ekitaldi gehien duen herria".
Baina oraingoan beste gai bat aukeratu dut. Ez dakit oraindik markarik dagoen. Baina geure marka jar dezakegu ondoren beste norbaitek apur dezan, erraza izango ez duen arren.
Nik proposatzen dudana da Azpeitia errekor honetara aurkeztea:
"Herriko jaietan animalia gehien erabiltzen duen herria".
Hona hemen laburpentxoa, egutegiaren arabera:
Sansebastianak
Urtarrilaren 20an:
- Eguerdian, sokamuturra
- Arratsaldean, sokamuturra.
Urtarrilaren 21ean:
- Eguerdian, sokamutur txikia. Zeken txikiak eta poniak.
- Arratsaldean, sokamuturra.
Inauteriak
Igandean:
- Eguerdian, sokamuturra plazan.
- Arratsaldean, sokamuturra kaleetan.
Astelehenean:
- Goizean, sokako zezena Erdikalean. Zezen txikiak eta poniak plazan.
- Arratsaldean, sokamuturra.
Asteartean:
- Goizean, sokamuturra.
- Arratsaldean, sokamuturra.
San Jose jaiak, Loiolan
- Asto karrerak.
San Isidro jaiak, Aratzerrekan
- Jolasak frontoian larrabehiekin.
Trinidade jaiak, Nuarben
- Arratsaldean, sokamuturra.
Sanjuandegiko jaiak
- Goizeko 07:00etan, zezena.
- Arratsaldean, larrabehiak.
San Inazio jaiak
- Santio bueltan, errekortadoreak.
- Santio bueltan, desenkajonamendua.
- Saninazioetan zehar, hiru zezenketa.
- Zezen txikiak.
- Entzierro txikia.
- Zezenekin jolasak.
- Larrabehiak.
- Pitxoi tiraketa.
Goikokaleko jaiak
- Zezen txikiak eta poniak.
Zezen Beltz asteburua
Lehen egunean:
- Sokamutur txikia
- Grand prix eta zezen txikiak.
Bigarren egunean:
- Sokamutur txikia.
- Helduen entzierroa.
- Zezen bolaztatuak.
Ikusten duzuen bezala, zerrenda luzea da. Ez dut uste parekorik izan dezakegunik. Zeinek hautsiko gaitu? Ez al dugu Guinness saririk merezi?
Agian, zerrenda hobeto osatze aldera, indartze aldera, proposatu dezakegu animaliak erabiltzen dituzten jaiak ugaritzea oraindik nabarmenagoa izan dadin gure errekorra.
Oraindik geratzen zaizkigu egunak. Abibidez:
- Urtarrilaren 1ean, "Urte berri, zezen berri jaia".
- Martxoaren 21ean: "Udaberrian, zezenak herrian”.
- "Zezen-fest, zezenik gabeko asterik ez".
- ...
Nik neuk baditut beste lan batzuk eta ez naiz honetan hasiko, baina seguru nago asko izango direla herrian honen alde lan egiteko prest daudenak.
Errekor horrek zer ohore emango dion herriari, zer etika erakusten duen, zer jai ereduren alde egiten duen, animaliak ondo tratatuta dauden, errekor horrek harrotasunez ala harrokeriaz beteko gaituen eta abar, beste baterako utziko ditugu.
Orain, garrantzitsuena, gure herria munduan ezaguna izatea da. Hori lortu behar dugu nola edo hala.
Es lo que hay! (esaldi madarikatua).