Azpeitiko udalbatza osatzen duten ordezkari politikoek izena eman dute Euskaraldian. EH Bilduko eta EAJko hautetsiek bat egin dute euskararen erabilera areagotzeko ariketa sozialarekin, eta Ahobizi edo Belarriprest rolak aukeratu dituzte, 11 egunez betetzeko.
Zuk ere Euskaraldian parte hartu nahi baduzu, izena eman dezakezu izenematea.euskaraldia.eus webgunearen bitartez edo horretarako jarritako mahaietan. Ostiral honetan, Urrestillan jarriko dugu izen-emate mahaia.
Formazio saioak
Euskaraldiko girotze saioak egingo ditugu, datorren astean eta hurrengoan. Girotze saioak Azpeitiko Ahobizientzat eta Belarriprestentzat dira. Saio horietan azalduko dugu, oso arin eta modu praktikoan, zer konpromiso hartzen ditugun rol hauek hautatzean, eta zer egoera tokatuko zaizkigun. Horrez gain, egoera horietan eroso sentitzeko aholkuak emango ditugu eta gure iritziak konpartituko ditugu.
Herritar guztiak animatu nahi ditugu tailer horietan parte hartzera, aberasgarria izango delako denontzat. Eskertuko genuke, bertaratzeko asmoa dutenek mezu bat bidaltzea helbide honetara: azpeitia@euskaraldia.eus. Tailer bera emango dugu bi egunetan, baina saio bat baino gehiago eskaini nahi izan ditugu, herritarrek aukera izan dezaten beraien egutegira moldatzeko.
Honako hauek dira datak:
Azaroak 13, asteartea: 19:00-20:00.
Azaroak 21, asteazkena: 19:00-20:00.
Txapak jasotzeko
Euskaraldiko txapak jasotzeko, azaroaren 19tik 23ra egongo gara Azoka Plazan, 18:30etik 20:00etara. Azken aste horretan jaso beharko dira txapak, norbera joanda edo norbait bidalita.