Gaur, osteguna, hasiko da 48. Binakako Erremonte Txapelketa, eta Azpeitiko bi pilotarik parte hartuko dute lehian: Matxin III.ak eta Ionek. Gainera, horiek elkarrekin ariko dira binakako txapelketan. Horiez gain, beste bost bikote ariko dira nor baino nor, Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko duten txapelketan: Urriza eta Larrañaga, Ansa II eta Barrenetxea IV, Uterga eta Azpiroz, Ezkurra II eta Etxeberria III eta Juanenea eta Endika.
Lehenik ligaxka jokatuko dute, eta fase hori abenduaren 8an bukatuko da. Lau bikote onenek jokatuko dituzte finalerdiak, eta finala abenduaren 29an izango da. Gaurko partidan Juaneneak eta Endikak Utergaren eta Azpirozen aurka neurtuko dituzte indarrak.
2011tik 2016ra, bost aldiz jokatu du binakakoaren finala Ionek; azken bietan galtzaile izan arren, aurreko hiruetan txapela jantzi zuen: 2011n, 2013an eta 2014an.