Azpeitian bai, Azkoitian ez

Javier Beristain 2018ko aza. 14a, 18:41

Javier Beristain azkoitiarrak pentsioen inguruan kaleratutako iritzi artikulua da honako hau.

Aspaldian denon ahotan darabilkigun hitzetako bat da krisia. Krisiak bazter guztiak harrotu ditu, eta bere eragina talde edo kolektibo ugarik pairatu dute, batez ere, talde ahulenek. Horien artean pentsiodunak aurkitzen dira. Honezkero ia denok dakigu pentsiodunek daramaten borroka euren pentsioen duintasuna defendatzeko asmoz.

Aurtengo otsailean hasi eta gaur arte, estatu osoan hainbat eta hainbat manifestazio eta elkarretaratze antolatu eta bertan parte hartu izan dute. Euskal Herrian ere antolatu izan dira horrelako ekintzak, hiriburuetan, herri handietan, ertainetan eta nola ez, herri txikietan. Gure eskualdean Zarautzen, Zumaian, Azpeitian eta Azkoitian egiten dira elkarretaratzeak. Gure herrian astelehenero bildu ohi dira herriko plaza nagusian 100-200 lagun inguru, besteak beste 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatuz, erretiratu asko baitira kopuru horretara ailegatzen ez direnak.

Arazoari irtenbidea aurkitu nahian, urriaren 31an izan zen Udal Osoaren Ohiko Bilkuran, EH Bildu Udal taldeak pentsioei buruzko mozioa aurkeztu zuen. EAJ eta PSE-EEk mozio horren aurka bozkatu zuten eta Azkoitia Bai abstenitu egin zen. Horrenbestez, bertan behera gelditu zen EH Bildu koalizioaren mozioa. Maxixatzenek esatera, EAJ alderdiko Ana Azkoitia zinegotziak azaldu omen zuen pentsioak osatzeko eskumenik ez duela Udalak: "Diru laguntzak ematea posible da, larrialdi egoeran dauden pertsonei, baina pentsioak osatzeko eskumenik ez daukagu".

¡Punto y pelota!

Baina…

Lasaiago hitz egingo dugu gai honetaz… Ez

Beste alderdiekin adostuko dugu zerbait… Ez

Pentsiodunekin hitz egingo dugu… Ez

¡Punto y pelota! Y a otra cosa mariposa. Pentsioak osatzeko eskumenik ez daukagu!

Gure ondoko herrian, Azpeitian, arazoari irtenbide bat aurkitzeko beste jarrera bat hartu du Udalak. Azpeitian zer? Udal aldizkariko 183. zenbakiaren azalean horrelako esaldi potoloa aurkitzen dugu: Adinekoen beharrei erantzuten saiatzen.

Azpeitiko Udalak herriko adinekoen egoera aztertu du, eta pentsioak 1.080 euro arte osatzeko laguntza berezia jarri du abian.

Barruko orrietan, berriz, horrelako beste hitzak ageri dira:

Herritarren bizi baldintzak hobetzeko asmoz, orain urte batzuk Azpeitiko Udala Baigera Jubilatuen Elkartearekin hasi zen elkarlanean, 65 urtetik gorako herritarren egoera ezagutu eta haien bizi baldintzak hobetzeko xedez.

Adinekoen egoera eta beharrak ezagutzeko egindako azterketen harira, Udalak behar ekonomikoa duten 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako diru laguntza osagarri berri bat onartu du, oinarrizko beharrak asetuta ez dituztenei laguntzeko.

Horrela, eta 2018. urteko aurrekontuetan aurreratu bezala, 65 urtetik gorakoen artean familia unitateko 1.080 euroko diru sarrerak bermatzea du helburu laguntza berriak, eta horretarako 120.000 euroko diru poltsa jarri du.

Horrelakoak irakurri eta gero zenbait galdera sortu zaizkit:

- Azpeitiko Udala Baigera Jubilatuen Elkartearekin elkarlanean herritarren bizi baldintzak hobetzeko asmoz eta… Azkoitiko Udala?

- Azpeitiko Udalak pentsioak osatzeko baimena badu, Azkoitikoak zergatik ez du?

- Azpeitiko adineko bizilagunek Udalaren diru laguntza badute, Azkoitikoek zergatik ez?

- Nola da posible bi herri hauetako Udalen jarrera hain desberdina izatea arazo berdinaren aurrean?  

- Udalean zein talde politikok agintzen duen zerikusia ote du?

Horra nire galderak. Erantzunen zain gelditzen naiz, eta uste dut hainbat azkoitiar ere baietz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide